Tolosaldeko Giltzarria

28 herri, helburu bat

Ataria 2017ko otsailaren 11

Tolosaldeko Giltzarriak gaur pauso bat gehiago eman du galdeketarantz Erabaki Fest ekimenarekin. "Erabakiaren atarian dago Tolosaldea, eta erabakitzera goazela ospatzen ari gara gaur", azaldu dute Giltzarriatik.

300 lagun inguru bildu dira Tolosako Alondegian egindako ekitaldian. 28 herrietako ordezkariek martxoaren 19ko galdeketan parte hartzeko deia egin dute. Udaberri dantza taldeko kideek Gure Esku Dagoren ibilbidea irudikatuz eman diete ongi etorria ekitaldira joandakoei. Adierazpena irakurri du, ondoren, Tolosaldeko Giltzarriako kide Jone Amonarrizek. "Tolosaldea, etorkizuna hortxe dugu, uste baino gertuago. Elkarrekin gaude, gu gara giltzarria. Eta erabakitzera goaz!", esanez bukatu du adierazpena.

Ondoren, amaitzeko, 28 herrietako ordezkariek martxoaren 19ko galdera aurkeztu dute herritarren aurrean, hau da, Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?. Azkenik, banan bana, bere herritik bizikletaz jaitsitako bozka sinbolikoa eman du ordezkari bakoitzak hautetsontzian. Dei egin diete herritarrei prozesu osoan zehar sentitutako indarra hautetsontzietan islatu dezaten.

Ekitaldiaren aurretik, eskualdeko 28 herrietatik Tolosara bizikleta martxa egin dute dozenaka parte hartzailek. Hogeita zortzi herriek bat egin dute Tolosako Alondegia plazan, eta, elkarrekin, azken itzulia egin dute Tolosa erdigunean.

Ekitaldia amaitutakoan, 300 pertsonatik gora bildu dira herri bazkarian Alondegian bertan. Trikitilariak, bertsolariak, dantza eta musika izaten ari dira arratsaldean

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!