Larunbata ospakizun eguna izango da Tolosaldean, Erabaki Fest izenarekin, Giltzarria ekimenetik azaldu dutenez: «Erabaki Fest-ek badu oinarri sendo bat, arrazoi serio bezain pozgarri bat: erabakitzera goaz!» Egun osoko egitaraua antolatu dute eskualdeko 28 herriei begira.
Lehenengo ekitaldia bizikleta martxa izango da. Eskualdeko bost adar nagusietatik Tolosara abiatuko dira. Larraul, Berastegi, Orexa, Baliarrain eta Bidania-Goiatz izango dira abiapuntuak. Gainerako herriak bidean batuko dira tropelera.
Tolosako Alondegia plazan elkartuko dira, eta bertan ekitaldia egingo dute. Martxoaren 19ko galderaren aurkezpena eta prozesuaren azken txanparen iragarpena egingo dute bertan. «Erabakitzera goazela ospatzeko jaiari hasiera emango diogu», zehaztu dute Giltzarriatik.
Ondoren, herri bazkari «erraldoiaren» txanda izango da, bertsolariek eta trikitilariek girotuta. Estalpean eta berogailuarekin egingo da bazkaria, eta menua patatak Errioxako erara, biribilkia eta ijito besoa izango da. 15 euro balio ditu txartelak eta salgai daude Orbela eta Raku tabernetan.
Bazkaldu eta gero «musikaz eta dantzaz jantziko» dute Alondegia plaza, «erabakitzera goazela ospatzeko». Musika DJ Bull-en eskutik izango da eta txosnak zabalik egongo dira 21:00ak bitarte.
Bizikleta martxaren ondorengo ekitaldi guztiak Tolosako Alondegia plazan izango dira, eta bertan haurrentzako puzgarriak izango direla jakinarazi dute Giltzarriatik.
EGITARAUA
11:00. Bizikleta martxari hasiera emango diote Tolosaldeko bost ertzetatik.
13:15. Ekitaldia Tolosako Alondegia plazan.
14:00. Herri bazkaria Tolosako Alondegia plazan.
15:00. Ospakizuna, musika eta dantzarekin, Tolosako Alondegia plazan.