Inauteri aurreko azken asteburu librea behar lukeena, egitasmoz beteta iritsiko da Tolosara, besteak beste, lore eta landare zaleen gozamenerako. Zuhaitz eguna baliatuz, beste behin ere, Trianguloa plaza lorategi erraldoi bilakatuko da eta, goiz osoan barrena, zuhaixka, zuhaitz, landare nahiz loreak eskuratzeko aukera izango da. Aurten, gainera, urteroko hitzorduari berrikuntza bat gehitu diote: tailerrak.
Guztira, Euskal Herri osoko 15 mintegi edo etxek parte hartuko dute Zuhaitz azokan, eta 08:00etan hasiko dira beren postuak prestatzen, Trianguloan; 14:00ak bitarte izango dira bertan. Eta ez soilik produktuak saltzen, izan ere, zuhaitz eta landare azokak badu salerosketaz aparteko balio erantsi bat ere: bezeroek beren zalantzak argitzeko baliatzen dute hitzordua, mintegietako adituei galderak eginez.
Aipatzekoa da, azoka bereziaren hitzorduagatik Tolosara bertaratuko diren mintegiekin batera izango direla, larunbatero Atadi kalean aritzen diren mintegiak ere. Ordea, ez dira ohiko lekuan jarriko, eta azoka bereziarekin bat egingo dute, fruta arbolak, baso landareak, apaingarriak, zuhaitzak eta zuhaixkak saltzeko.
Horrez gain, Baionako (Lapurdi) Etxepare lizeoko gurasoek ere postutxoa jarriko dute Trianguloan. Besteak beste, jorratzen ari diren proiektuaren berri emango diete bertaratuei eta, horrekin batera, Seaska ikastolen alde ekarpen ekonomikoa biltzeko zuhaixkak salduko dituzte.
TAILERRAK NOBEDADE
Landare ekologikoen eskaintza izan da azken urteotako berrikuntza, baina, aurten, Zuhaitzen azoka bereziak pedagogiatik ere izango du, tailerren eskutik.
Tolosaldeko Ingurumen Zentroak argazki erakusketa antolatuko du, batetik, Gipuzkoako zuhaitz espezie esanguratsuenen irudiekin; espezieak identifikatzeko tailerra egingo dute haurrentzat. Bere aldetik, paper eskolak ere bi ikastaro eskainiko ditu larunbat goizean: mikroskopioz egurraren egitura ezagutu ahal izatekoa, eta egur motaren arabera sortu daitezkeen paper pastak ezagutzekoa, bestea.
Azkenik, zuhaitzak kimatzen ikasteko tailerra ere izango da.