Berrerabilpenaren tenplua, Alondegian

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko ots. 8a, 17:10

Emaus fundazioaren egongela ibiltaria Tolosara iritsi da, objektu eta arropa berrerabiltzea sustatuz; Alondegian egongo da, igandera bitarte.

Gipuzkoako eskualde-buruetan ibili eta gero, Emaus fundazioaren elkargune ibiltariak Tolosan pasatuko ditu egun batzuk, Alondegia plazan. Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen karietara, Emausek Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean abiarazi zuen egitasmoa, eta jomuga nagusi bat du: objektu eta trasteei bigarren aukera bat eman, eta ekonomia zirkularra sustatzea.

«Bigarren aukeretan espezialistak» direla azpimarratu du Begoña Cabaleiro Emauseko komunikazio arduradunak eta, hain zuzen ere, horixe egingo dute: bigarren eskuko objektu, liburu, altzari, arropa eta mozorroak saldu.

Alondegikoa, ordea, ez da salmenta gune hutsa izango: batetik, norbere materiala eraman ahal izango da bertara eta, bide beretik, zenbait ikastaro eskainiko dituzte, gaztetxoei kontzientzia pizte aldera.
Bere aldetik, Tolosako Udalak bat egin du proiektuarekin, eta Patxi Amantegik fundazioaren lana txalotu du, «hondakinei bigarren bizitza bat» ematearen garrantzia nabarmenduz.

Horrela, beraz, igandera bitarte, berrerabilitako bi edukiontzi erraldoik denda, egongela eta ikasgela forma hartuko dute, 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 19:30era, Alondegian. Ikastaroak, berriz, ostiral arratsaldean, larunbatean –goiz eta arratsalde– eta igande goizean eskainiko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!