'Bai'ari dei egin dio EH Bilduk, martxoaren 19rako

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko otsailaren 4a

Eskualdeko batzar irekia egin dute, gaur, Tolosako Trianguloan, eta argazki erraldoia atera dute, baiezko botoa ematera dei eginez; galdeketaren atarian, ekitaldi bat egitea aurreikusi dute batzarrean.

Euskal Herrian "urtetan entzundako aldarriei" heldu, eta horien inguruan iritzia emateko garaia iritsi dela azaldu du, gaur, Tolosaldeko Euskal Herria Bilduk, datorren martxoaren 19ko galdeketari begira. "Erabakitze ariketa erraldoia" egiteko eguntzat jo dute hitzordua eta, horrenbestez, "pauso bat eman, eta partaide izateko garaia" dela erdietsi dute, "identitate sentimendu nahiz sentsibilitate politiko guztien gainetik". Bide horretan, koalizioak bere aldetik, baiezko botoa sustatuko du estatu ereduaren inguruko galdeketan. 

Besteak beste, "burujabetza, Euskal Errepublika, Euskal estatua, independentzia, euskara, eskubide sozialak, parekidetasuna, justizia, elkartasuna nahiz etorkizun hobea" aipatu dituzte, balizko baiezko emaitza baten ondorio gisa, eta aurreratu dute, datozen asteotan egitasmoren bat iragarriko dutela, martxoaren 19ko hitzordua girotze aldera. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!