Kirol azpiegiturek araudi bateratua izango dute aurrerantzean

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko ots. 2a, 16:56

2017-2019rako diru laguntzetarako plan estrategikoa ere aho batez onartu zuen udalbatzak

Urteko lehen osoko bilkura arina izan da Tolosako Udalean, gai zerrendari dagokionez. Abenduko plenoan aurrekontu eta erabaki garrantzitsuak onartuta, bi gai nagusik hartu zuten aretoa, astearte iluntzean: kirol instalakuntzek eta diru laguntzek.

Udalaren eskumeneko kirol azpiegitura guztiak arautzeko dokumentu bateratua aho batez onartu zuen udalbatzak, batetik. Gaia kirol batzordean eta Tolosa Lantzen-en jorratu dute, eta orain arte Usabal kiroldegiarentzat egokitutako araudia, herriko gainerako instalakuntzetarako ere onartu zuten.

Olatz Peon alkateak azaldu zuenez, Berazubi estadioa eta pilotalekuak arautzeko baliagarria izango da erabakia eta, horrez gain, sor litezkeen azpiegitura berriak erabiltzeko tresna ere izan nahi du: «Araudiak disposizio edo xedapen gehigarri bat du eta, beraz, inoiz beste kirol azpiegituraren bat sortuko balitz, hura ere arautuko luke».

Horrenbestez, hasierako onarpenarekin, dokumentua jendaurrean izango da eta, kexarik edo iradokizunik ezean, behin betiko onartuko dute araudia.

DIRU LAGUNTZEN AURREIKUSPENA

Kirol azpiegituren bide beretik, diru laguntzen plan estrategikoa ere aho batez onartu zuen udalbatzak.

2017tik 2019ra bitarteko diru laguntza aurreikuspenak gauzatu ahal izateko, udalak behartuta daude Diru Laguntzen Plan Estrategikoa onartzera. Horrela, neurria kontu-hartzailetzatik iritsitako betebeharra izan da, Begoña Tolosa EAJko zinegotziak azaldu zuenez: «Urrats berri bat da udaleko ekonomiaren sistematizazioa, eta gardentasunaren aldeko pauso bat ere bai».

Aipatzekoa da, planean txertatuta daudela, jada, 2017ko aurrekontua osatu duten diru laguntzak, baina, ohartarazi dute, hiru urterako plana alda daitekeela, aurreikuspen izaera duelako.

Urtarrileko osoko bilkura Belgradera begira bukatu zuten, errefuxiatuen aldeko lan boluntarioa goraipatuz, eta elkartasun uholdea anekdotan geratu ez dadila eskatuz. Otsaileko plenoaren eguna aldatu egingo dute, inauteriak tarteko, eta datorren martxoaren 7an izango da hurrengo bilkura.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!