Etorkizunean bizi gara, eta hori okerragoa da iraganean bizitzea baino», halaxe ireki zuen, Bernardo Atxagak, Tolosaldeko Giltzarriak antolatutako mahai inguruko iritzien ubera. Denborak hartu zuen saioko erdigunea, eta baita hizlarien posizio-talka azaleratu ere: Atxagarentzat oraina da probaleku bakarra eta, aldiz, orainalditik etorkizuna ere probaleku bilakatu nahi dute Marian Beitialarrangoitiak, Garbiñe Biurrunek eta Luke Uribe-Etxebarriak.
Jarrera eszeptikoa hasieratik mahai gainean, jarriz, Bernardo Atxaga idazleak ez zuen federik azaldu Gure Esku Dago dinamikarekiko, «helburu guztiak etorkizunean kokatzen dituelako».
Kontrara, gainerako hizlariek ariketa demokratikotzat jo zuten estatus politikoaren inguruko iritzia ematearena. «Atzeak aurrea nola dantzatu» erakusten duela esanez, Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatuak, «oraina eta etorkizuna aldatzeko modu bakartzat» jo zuen «gutako bakoitza gure erabakiaren jabe izatea».
Dantza horretan, erritmo bertsuan aritu zen Garbiñe Biurrun epailea ere, erabakitzearen kolektibitatea azpimarratuz. «Gizaki soil bat» izatetik harago, tolosarrak «pertsona osoa izateko nahia» ere aldarrikatu zuen, erabakia horretarako tresnatzat joz.
Uribe-Etxebarriak, berriz, tresna bera definitu zuen: «‘Herria’ kultura klasikoan definitutako kontzeptua da, eta herri bati dagokion ariketa da erabakitzea». Bide horretan, sentsibilitate guztiak barneratu nahi izan zituen prozesuan, «erabakitzeko eskubidea sentimendu nazionalen gainetik dagoen printzipio demokratikoa» dela nabarmenduz.
Bernardo Atxaga, idazlea:
«Zer da ‘gu’? Zaila da hori erabakitzea, eta horixe da, hain zuzen, arazoaren muina, ‘herria’rena errealitate linguistiko bat bakarrik baita»
«Lagun batek esan zidan, euskaldunok iraganari begira eroso bizi garela, iraganeko kontu eta kantuekin. Nik ez dut irudipen hori: etorkizunean bizi gara, eta okerragoa da».
«Bistan da: etorkizunean helburu bat izatea, helburu metafisikoa da, eta oraingo helburuen eztabaida uxatzen du. Oso kristaua da, gainera: ‘Sinetsi Jainkoa badela eta, hortik aurrera, egin ezazu nahi duzuna».
«Politikaz ari garela, ez dut onartzen ‘herria’ aipatzea; ni gizarteaz ari naiz. Herri bateratu horren irudia ez da erreala, izan ere, nik ez dute sekula liskarrik gabeko Euskal Herri bat ikusi».
«Elkartzekotan, gauza konkretuetan elkartuko gara, baina ez dut uste hau guztia festatik pasatuko denik».
Marian Beitialarrangoitia, EH Bilduko diputatua:
«Iritsiko da Euskal Herriko herritar guztiei galdetzeko eguna, baina, gaur-gaurkoz, errealitateak hori ukatzen digu, legearekin»
«Independentistoi askotan esaten digute, ezinezkoa dela erabat independente izatea, baina guk erabakiak hartzen dituztenen ondoan egon nahi dugu, interdependentzia batean bizi».
«1978ko Espainiako Konstituzioak espreski banatu nahi izan zuen herri bat, eta hori dugu gaur lege: Espainiak bai, definitzen du ‘gu ‘ hori, eta denok sartzen gaitu bertan».
«Erabakitzea eskubide bat baldi bada, gauzagarria izan behar du, bestela, ezin dugu jakin gehiengoaren babesa duen edo ez».
«Iritziak iritzi, funtsezkoena da galdera ere deliberatua izan dela, eta pausoak ematea da garrantzitsuena, aldeko egoera politiko honekin: kataluniarrek Espainiari ireki dioten frontea probestea, guk ere beste bat irekitzeko»
Garbiñe Biurrun, EAEko auzitegi nagusiko epailea:
«Gizartea herriz herri ahaldunduko balitz eta erabakiaren indarra sinetsiko balu, gauza asko aldatuko lirateke»
«Zuzenbidea ez du naturak sortu, guk sortu dugu, gizarteak. Lortu behar dugu, gaur egun oztopoa den zuzenbidea, gerora lagungarri izatea».
«Inork ez daki, guk baino hobeto, zer nahi dugun eta non bizi nahi dugun».
«Nik nahiago nuke, martxoaren 19an, parte hartzea %80koa izatea, erantzuna baiezkoa izatea baino, hori baita arazoa: sinesten dugu, benetan erabakitzeko eskubidea daukagula? Hori da, berez, debekatzen digutena, Espainian egon nahi izanda ere, ez baitigute uzten, esaten, ‘Espainiarekin gaude, hala nahi dugulako’».
«Galdera bi zatitan egingo nuke, kataluniarrek bezala, eta ‘euskal errepublika’ aipatu. Bestalde, ‘estatu burujabe’arekin batera, ‘herritar burujabe’ kontzeptua ere erabiliko nuke galdetzeko».
Luke Uribe-Etxebarria, EAJko legebiltzarkidea:
«Euskaldunak gara eta izaten jarraitu nahi dugu, ez bakarrik hizkuntzari dagokionez, baita politikoki ere»
«Erabakitzeko eskubidea ez da kontzeptu abertzale bat, kontzeptu demokratiko bat baizik. Sentimendu nazionalen gainetik dagoen printzipio demokratikoa da».
«‘Gu’ identitate moduko bat da, subjektu politiko bat, komunitate bat: ezaugarri jakin batzuk partekatzen dituen herria (...). Euskal Herria definitzeko kontuan hartu behar dira geo-politika, geo-estrategia,...».
«Gehiengo batek erabakitzeko eskubidea babesteak ez du esan nahi mundutik deskonektatu behar dugunik».
«Aipatutakoekin koherente izanez, gu beste galdera baten aldekoak gara, abertzale ez diren herritarrak ere erakartzeko: ‘Ados al zaude Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidearekin, eta hori garatu ahal izateko proiektuarekin?’».