Ikertalderen diagnostikoa

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko otsailaren 2a

Ikertalde enpresak egin du Hiri Ekonomia indartzeko Plan Estrategikoa osatzeko diagnostikoa. Azterketa egiteko hainbat elementu hartu dituzte kontuan: Tolosa eta Tolosaldeko lurralde kokapena eta merkataritza; eskaera beherantz doala eta, 'hobi' berriak aurkitzeko premia; zerbitzuen sektorearen eskaintza "ugari eta ona" kohesionatu beharra, elkarren arteko sinergiak optimizatuz; hiri eremua egokitzeko premia; ekintza dinamikak lantzeko beharra; egiturak; eta aukera berriak eta ahuleziak berriak aztertzea.

Elementu horiek kontuan izanda Ikertaldeko Iñigo Artetxek abian jartzeko baldintza objektiboak badaudela esan du, horrela "merkataritza eta turismoa bilduko dituen hiri-ekonomiaren estrategia bideragarria jorratzeko eta hori ahalbidetuko duten lankidetza pribatu-publikoko estrategiarako egiturak taxutzeko".

Tolosaren nortasun bikoitza ere nabarmendu du: Tolosaldeak proiekzio komertziala du eta Donostiak proiekzio turistikoa. Tolosa erdigunean legoke, eta bietatik edan dezake. Izan ere, Tolosak "hiriburuko" merkataritza zerbitzuak eskaintzen dizkie eskualdeko biztanleei eta baita Donostiak ez duen "landa izaera eta benekotasuna". "Hiriburuaren nortasun irekiaren eta kosmopolitaren eta Tolosaldeak gordetzen duen Gipuzkoa sakoneko landa-giroaren eta mamiaren arteko bidegurutzea da Tolosa. Nortasun bikoitza, merkataritzaren ikuspegitik aprobetxagarria dena", esan du.

Plan Estrategikoa beraz, horri guztiari probetxua ateratzeko gakoak biltzen ditu eta horretarako 6 proiektu edo ardatz zehaztu dituzte.

Tolosa Komunitatea proiektua: Tolosaldeko kontsumitzailea erakarri eta leial egitea, Andoaindik hasi eta Idiazabal bitarte.

Lurralde-Turismoa hibridatzeko proiektua: Gipuzkoak, batez ere, Donostiak, erakarritako turistak partekatu eta finkatzea, Tolosak irudikatzen duen landa-giroa eta benekotasuna baliatuz.

Ekitaldien faktoria: Tolosan beti dago zerbait: animazioaren profesionalak. Zerbitzuen sektorearen eskaintza integratuaren inguruan biltzea hiri-ekonomiaren sektore guztiak, gizarte zibila eta ekimen publikoa.

Publikoaren eta Pribatuaren Arteko Lankidetzarako Euskarria proiektua: formula berritzaileak, bide berriak jorratzea.

Hiri-eremua eraldatu eta hobetzeko proiektua: Bizi izateko, erosteko eta gozatzeko gunea.

Enpresa-Lehiakortasuna proiektua: Hiriburuko zerbitzuak eta Tolosa profesionala eta Tolosa Smart City bateratzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!