Informazioa 'Aleka' eskainiko du Tolosako Udalak

Ataria 2017ko otsailaren 1a

Lau hilean behin udal aldizkaria banatuko diete herritarrei; lehen zenbakiarekin, 8.000 ale argitaratu dituzte.

Udal jardunak emandako nabarmenena hogeita zortzi orrialdetan bildu eta zabalduko du, aurrerantzean, Tolosako Udalak. Aleka lau hilabetekariarekin, jada martxan dituzten informazio kanal birtualak osatu nahi dituzte, eta urtarrileko zenbakia banatu dute jada.

Egitasmoa Gardentasuna, Parte hartzea eta Informazioaren gizartea sailean garatu dute, eta Joseba Ormazabal zinegotziak azaldu du, «herritarrak udalarengandik gertuago izatea eta administrazioa gehiago ezagutzea» dela helburua.

Lehen aldizkariarekin 8.000 kopia egin dituzte, eta 2017ko aurrekontua izango du ardatz. Horrekin batera, berdintasuna, merkataritza, energia azterketa, inauteriak nahiz kultur agenda ere hizpide izan ditu lehen Alekak.

Aipatzekoa da, udalak telefono bidezko galdeketa bat martxan jarriko duela datozen egunotan, herritarrek aldizkariaren inguruan dituzten iritziak bildu eta ondorioak aztertzeko.

TOLOSA.EUS BERRITZEN

Papereko boletina ez da 2017ko berrikuntza bakarra izango, www.tolosa.eus ere itxuraldatzen ari baita. Lanak amaitutakoan, hiru atal nagusi izango ditu atariak: administrazioa, turismoa eta kultura.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!