Erroskillen erromesaldia, ostiraletik aurrera

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko ots. 1a, 13:10

Tolosako San Blas auzoko jaiei egun handienak ekingo die, eta igandeak biribilduko du ospakizuna, urteroko usadioari eutsiz.

Emendek Arraun Kirol elkarteak ia guztia prest du, urteko asteburu garrantzitsuenetakoari heltzeko: San Blas jaiei. Ostiralean hasi eta igandean amaituko dituzte, ia urtero bezala, eta ia urteroko egitarauak ekarriko du, aurten ere, erroskilla erromesaldia Tolosako muinora.

Garai batean erromeriak jendetza eta auto ilarak sortzen zituen bide beretik, herri kirolek, txistorrak eta erroskillek sortzen dituzte gaur egun. Horrela, igandea izaten da beti egunik jendetsuena, tolosar askoren ohitura baita auzora bisita egin eta usadioa mantentzea.

Ordea, San Blas egunak berak ere bizi-bizirik jarraitzen du herritar zenbaiten urteko agendan, eta asko izango dira, etzi, herriko baseliza zaharrenean meza nagusira bertaratu eta garaiko produktuak bedeinkatzeko saiakera egingo dutenak.

 

SAN BLAS JAIAK 2017

Otsailaren 3a, ostirala

11:00. Meza nagusia egingo dute, eta bertako produktuak bedeinkatuko dituzte.

12:30. Toka lehiaketa izango da, auzotarrentzat eta elkarteko kideentzat.

18:00etatik 21:30era. Trikitia Elustondo anai-arreben eskutik.

Otsailaren 4a, larunbata

16:00. Haur jolasak eta txokolate jatea.

18:30etik 21:30era. Disko festa.

Otsailaren 5a, igandea

09:30. Diana Konponezinak txarangaren eskutik.

11:00. Meza, zendutako auzotar nahiz bazkideen alde.

12:00. Amarozko dantzariak.

12:30. Aizkolariak: Irazu eta Saralegi.

13:00. Bertsolariak: Peñagarikano eta Mendizabal.

18:00. Bertsolarien bigarren saioa, Peñagariano eta Mendizabalekin. 

18:30etik 21:00etara. Trikitia Elustondo anai-arreben eskutik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!