Tolosaldeko Giltzarria

Erabaki nahi izatearen zergatia, mahai inguru batean

Tolosaldeko Ataria 2017ko urtarrilaren 31

Atxaga, Beitialarrangoitia, Biurrun eta Uribe-Etxebarria Leidorren ariko dira, bihar, Tolosaldeko Giltzarriak antolatuta

Hilabete pasatxo baino ez da geratzen, Tolosaldeko herritarrek zein nazio eredu nahi ote duten erabakitzeko; hautetsontziak zabaltzeko. Tolosaldeko Giltzarriak aspaldi ekin zion atzera-kontuari, baina datozen asteotan motorrak ahalik eta gehien berotzeko hainbat hitzordu prestatu dituzte, biharkoa kasu: Zertarako erabaki? izenburupean, erabakitze eskubidearen inguruko mahai ingurua izango da, Leidor aretoan, 19:00etatik aurrera.
Arantxi Padilla kazetari billbonatarra moderatzaile lanetan ariko da, eta berak izango du hizlarien haria gidatzeko ardura. Iritziak mahai gainean jartzen eta garatzen, berriz, lau ahots ariko dira: Garbiñe Biurrun epaile tolosarra, batetik; Bernardo Atxaga idazlea, bestetik; eta, politikaren esparrutik, Marian Beitialarrangoitia eta Luke Uribe-Etxebarria bertaratuko dira hitzordura. Jokin Bildarratz tolosarra parte hartzekoa zen, baina, azkenean ez da posible izan.

Kataluniarrei babesa

Bihar iluntzeko hitzordua asteko lehena izango da, izan ere, Gure Esku Dago egitasmoak deialdia egin du datorren iganderako.
Herrialde Katalanetako prozesu subiranistari elkartasuna eskaintzeko helburuz, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan mobilizazioak izango dira, 12:00etan. Tolosaldeko Giltzarriak ere dei egin du, Donostiako Bulebarreko hitzordura bertaratzera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!