Tolosatik Belgradera

Belgradora bidean!

Iñigo Terradillos 2017ko urtarrilaren 29a

Jarri gara Belgradora bidean! Bigarren kamioia kargatu ostean, sei lagunez beteriko furgoneta abiatu da Tolosatik Belgradorantz, aste hasieran eginiko deialdiak aurreikuspen guztiak gainditu eta gero.

Astearen hasieran neguko arropa bildu eta Belgradora eramateko asmoa azaldu zuen tolosar talde batek, han errefuxiatuen artean banatzeko. Bidairako gastuak betetzeko behar zuten dirua eta arropa biltzeko bi egun jarri zituzten, baina, bakarrarekin nahikoa izan da aurreikuspen guztiak gainditzeko. Bi furgoneta bete ordez, bi kamioi betetzeko adina erropa pilatu dute, San Frantzisko elizako arkupeak betetzeraino, 220 zaku. Diru laguntza ere ez da motz geratu, 25.000 euro batu baitira herritarrek eginiko ekarpenetatik. 

Herritarren laguntza ez da erropa eta dirua ematera mugatu, gainera. Bilketa egiten laguntzera joandakoak asko izan dira, baita arropa sailkatzen lagundu dutenak, kamioiak kargatzen aritu direnak edota bidairako janaria prestatu dutenak. Elkartasun deiari bete betean erantzun diote herritarrek, eta horregatik, erabat eskertuta daude ekimenaren atzean dauden Bidaiarien Txokoa eta Zumardia  elkarteko kideak.

100 lagun inguru gerturatu dira goizean goiz bigarren kamioia kargatzen laguntzera. Lanak gogotsu egin ondoren, arropaz beteriko kamioia errepidean jarri da Belgradorako bidean. Kamioiaren atzetik abiatu da furgoneta. Bertan doazen sei lagunek Belgradon ikusiko dituzte berriro kamioiak, eta han errefuxiatuen artean egingo den banaketaren lekuko izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!