Parte hartzea, festa giroan

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko urt. 28a, 12:39

Amaroztarrek ez dute huts egin. Beste behin, auzoaren etorkizunean zer esana badutela erakutsi dute, eta datozen hilabeteetan bertan egingo diren azpiegiturak aukeratzen aritu dira. Bozketa kutxa jarri dute goizean goiz, eta festa giroan joan dira amaroztarrak botoa ematera.

Egun garrantzitsua da gaur Amarotzen. 1.100.000 eurorekin, etxe berriak egiteko Tolosako Udalak aurreikusitako diruaren %15arekin, zer egin erabakitzen ari dira. Horretarako botoa ematen ari dira, auzoko 1.105 bizilagunak. 19:00ak arte egongo dira irekita botoa emateko kutxak eta ordura arte hamaika egiteko dituzte, beti ere festa giroan; toka, txistorra jateak, Santa Agedako entsegua irekia, txokolate jatea eta umeentzako tailerrak, gimnastika erritmikoko klase irekia...

Idoia Mariñelarena Auzoetxe auzo elkarteko lehendakaria da, eta bozketa erritmo onean doala esan du. "Jende asko gerturatu da botoa ematera eta oso kontentu gaude". "Hauteskundeetan ere ez dugu horrenbeste jende bozkatzeko", gaineratu du.

Hiru dira aukeran dituzten proiektua. Lehen aukerak aurreikusten du Auzoetxea eta anbulategiko eraikinak egokitzea; hexagonoaren ondoan erabilera anitzeko eremu estali bat egitea; bolatokia egokitzea, haur parkeak berrituz eta horietako bat estaliz; eta espaloiak eta errepide zorua hobetzea.

Bigarren aukerak biltzen duena da plaza estali bat egitea eta bolatoki eremua berritzea; haur parkeen erreforma eta horietako bat estaltzea; Amarotzeko merkataritza eta zerbitzuak hobetzeko eta zabaltzeko gakoak identifikatzeko diagnosia egitea; eta lokal sozialaren erreforma mediku zentroko instalakuntzak hobetuz eta komun publiko bat eginaz.

Hirugarrengoak biltzen dituen proiektuak dira Auzoetxe eta anbulategiko eraikinak egokitzea, komun publikoak eginaz; hexagonoaren ondoan erabilera anitzeko eremu estalia egitea; haur parke bat hobetzea; frontoi estalita kirol instalakuntza bezala egitea.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!