Urtarrilaren 31n zabalduko dute Gipuzkoa Encounterreko izen-ematea

Tolosaldeko Ataria 2017ko urtarrilaren 27a

Aurten, martxoaren 17tik 19ra izango da Gipuzkoa Encounter.

Martxoaren 17tik 19ra izango da aurtengo partya, eta 400 ordenagailu propio eramateko lekua izango da.

11. Gipuzkoa Encounter izango da bi hilabete barru ospatuko dutena eta, betiko moduan, Tolosako Udalaren eta Euskaltelen arteko elkarlanak gorpuztuko du informatikaren eta teknologiaren party erraldoia. Horrela, izena emateko aukera datorren asteartean bertan izango da: sarrerarekin batera, ordenagailua jartzeko lekua, entxufe bat eta bertako sarerako nahiz interneterako konexioa eskuratu ahal izango dira 35 euroren truke.

400 ordenagailu propio uzteko lekua izango da Gipuzkoa Encounterren, baina, antolakuntzak nabarmendu duenez, norbere ordenagailua eramatea ez da derrigorrezko baldintza izango eta, kasu horretan, parte hartu nahi dutenek ez dute lekua erreserbatu beharrik izango.

Dena den, Gipuzkoa Encounterreko arduradunek ohartarazi dute urtarrilaren 31n izena emateak ez duela partyan lekua izatea bermatuko: izena emanda, webgunean alta eman eta sisteman sartzeko aukera izango da. Hori bai, martxoaren 17tik 19ra bitarte Usabalgo festan parte hartu nahi dutenek, otsailaren 7ra arte itxaron beharko dute; orduan zabalduko dute erreserben epea, 10:00etan.

Azkenik, Gipuzkoa Encounterrek eskaintzen dituen abantailak estreinakoz ezagutu nahi dituzten herritarrentzat, bigarrenez antolatuko dute, aurten, Open Gunea: kontsolak, hitzaldiak, tailerrak nahiz hardware-aren inguruko hitzorduak antolatuko dituzte, bertaratu nahi duten guztientzat. Iazko arrakastari nolabaiteko jarraipena eman nahi izan diote, eta doako zerbitzua elikatzen jarraituko dute, beraz.

Gipuzkoa Encounterreko informazio osoa eta izen-emateari buruzko datuak www.gipuzkoaencounter.org atarian eskuragarri daude.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!