Tolosatik Belgradera

Elkartasun zakukadak

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko urtarrilaren 27a

Arrakastatsua izaten ari da, tolosar talde batek Belgradon dauden errefuxiatuentzat arropa biltzeko egindako deialdia; igande goizean abiatuko dira.

Aterperik eza, hotza, gosea eta jaioterria halabeharrez uztearen samina. Hori guztia eta beste hamaika zauri imajinaezin izan ditzake errefuxiatu batek, eta gutxienez zauri horietako bat ixtea da tolosar talde baten helburua. Igandean, 07:00etan irtengo dira Belgradora (Serbia) bidean, eta negurik gordinenari aurre egiteko arropak biltzen hasi dira, gaur goizean.

Deialdiak erantzun bakarra izan du: elkartasuna zakuka. Izan ere, San Frantzisko elizako aterpea txiki geratzen ari da herritarrak eramaten ari diren arropa pilaren ondorioz.

Bihar arte zabalik izango da arropa eta ekarpen ekonomikoa egiteko aukera. Izan ere, bidaiaren gastuei aurre egiteko laguntza beharko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!