«Guri tokatu zaigu, baina bihar beste norbait izan daiteke»

Espainiako Gobernuak onartutako legeen ondorioz —mozal legea, kasurako—, gazte mugimenduko hainbat kideri isun ekonomikoak eta espetxe-zigor eskaerak iritsi zaizkie. Tolosaldeko hainbat gazte epaiketaren zain daude, eta, haiengan ez ezik, guraso, senide eta lagunen egoera emozionalean ere eragin zuzena dauka. Hain zuzen, Tolosako bost gazteren gurasoei bizitza aldatu zitzaien duela bi urte. Guraso horien artean dago Manu Aiertza (Tolosa, 1961), Tolosako bost gazte auzipetuetako baten aita.

2015eko inauterietako Asteartita zen, eta etxean zegoen bera, lo. Etxeko atea jo zieten. Ertzainak ziren; semea atxilotu, eta polizia etxera eraman zuten. Gaua espetxean igaro zuen beste bi lagunekin batera, eta hurrengo goizean baldintzapean utzi zituzten aske, epailearen aurrean deklaratu ondoren. Hilabete gutxira ailegatu zitzaien gutuna: semearentzat hiru urte eta erdiko kartzela zigorra eta ia 13.000 euroko zigor ekonomikoa eskatzen dute. Ez da izan Tolosako gazte mugimenduaren aurkako kasu bakarra: Tolosako Ezpala gaztetxearen aldeko manifestazio baten ondoren, bigarren etxea okupatu zuten Tolosan, 2016ko urtarrilean. Hainbat gaztek eserialdia egin zuten eraikinaren atarian, eta 600 euroko zigorrak iritsi zaizkie 50 gazteri; era berean, ia hiru urteko espetxe zigorra ere eskatu dute bi gazterentzat. Epaiketaren zain daude.

Ondorioz, gazte horien gurasoek elkartu eta elkar babesteko beharra ikusi zuten. Horren emaitza da Garden guraso plataforma, Tolosako gazte auzipetuen gurasoek osatu dutena. Abenduaren erdialdean aurkeztu zuten, Tolosako kultur etxean: "Orain guri tokatu zaigu, baina bihar beste norbait izan daiteke".

Zer dela-eta sortu duzue Garden guraso plataforma?
Hutsune bat ikusten genuen guretzat oso garrantzitsua den alor batean: pertsona ororen eskubideak. Azken boladan, adierazpen askatasuna galtzen ari zela ikusten genuen, eta eskubideak defendatzeko beharra ikusi genuen. Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren jarreren ondorioz, mozal legea bezalako legeak aplikatuta, adierazpen askatasuna erabat galtzen ari da. Ikusi genuen gure gazteei gero eta zigor handiagoak jartzen ari zaizkiela, eta horri aurre egiteko elkartu ginen. Gurasoek ikusi genuen zer esan eta zer egin bagenuela, eta horregatik bildu ginen.

Zer lortu nahi duzue plataformarekin?
Gure helburu nagusia adierazpen askatasuna defenditzea da, eta Poliziaren azpijokoari aurre egitea. Pertsonen eskubide guztiak defenditzen ari gara, etorkizuna defenditzen. Poliziak gazteak espetxeratu nahi ditu gezurren bidez. Tolosan, bost gazte espetxeratze arriskuan daude, Poliziaren azpijoko baten ondorioz, eta hori azpimarratzea oso garrantzitsua da. Guraso eta senide talde plurala eta zabala bildu nahi dugu, eta horretan ari gara lanean. Izan ere, orain guri gertatzen ari zaiguna beste norbaiti gerta dakioke edonoiz. Momentu honetan, gazte izatea kriminalizatuta egotea da, eta hori oso arriskutsua da. Denok izan gara gazte, eta denok aldatu nahi izan dugu mundua. Utz diezaiegun gazteei lanean, ametsak izaten, baina oztoporik jarri gabe. Pertsona bat ezin da kriminalizatu ametsak edukitzeagatik; ezin da hiru urteko kartzela zigorra eskatu edo 600 euroko isuna ezarri eserialdi batean parte hartze hutsagatik. Hori izugarrizko astakeria da.

Zein dinamika jarri dituzue martxan? Zertan ari zarete lanean?
Hiru esparru jarri ditugu martxan. Gure mezua ahalik eta gehien zabaldu nahi dugu, eta, horretarako, jendartean dauden eragileekin ari gara hitz egiten. Alderdi politikoekin ere hasi behar dugu hizketan, eta jende arruntarengana ere ailegatu nahi dugu. Horretarako, sinadurak biltzen ari gara. Era berean, Askatasunaren aldeko argazkia atera ezazu kanpaina ere martxan jarri dugu. Larunbat goizero Tolosako Triangelu plazan egoten gara, 11:00etatik 13:00era. Guk espero genuen baino argazki gehiago ari gara jasotzen. Askotariko jendearekin egon gara, eta uste baino arrakasta handiagoa izan dugu.

Alderdi politikoekin bilduko zaretela esan duzue. Zer espero duzue haiengandik?
Enpatia espero dugu, gure egoera ulertzea. Azken finean, gu gazte horien gurasoak gara, eta emozionalki inplikazio zuzena daukagu kasu honetan. Gure sufrimendua ulertzea nahi dugu, eta ikustea alferrikakoa dela sufrimendu hori. Gure semeek ez dute ezer egin, eta leporatzen zaiena gezurra da. Gezur batean oinarrituta kartzela zigorra eskatzea oso gogorra da, eta gu justizia eskatzera etorri gara. Alderdi politikoak justiziaren alde lerrokatzea nahi dugu, denon artean lege murriztaile guztiak apur ditzagun: Nafarroako Parlamentuan, Eusko Legebiltzarrean eta abarretan. Gure plataformaren izenak dioen moduan, gardentasuna eskatzen dugu. Ez dugu korri egin nahi, baina ematen dugun pauso bakoitza sendoa izatea nahi dugu.

Tolosako kasua ez da bakarra; Altsasun ere hainbat gazte auzipetu eta espetxeratu dituzte. Harremanik ba al duzue haiekin?
Euskal Herriko hainbat guraso talderekin harremanetan gaude: Markinakoak, Burlatakoak, Hernanikoak, Donostiakoak... Eta Altsasukoekin ere harremanetan gaude, noski. Ez dakigu harreman horiek zer ekarriko duten, baina gure plataformaren egitura legeztatu nahi dugu, arazo horren aurrean eta erakundeen zein jendartearen aurrean aurpegi bakarra erakusteko. Plataforma ez dugu sortu gure seme-alaben arazoarengatik bakarrik; gu gelditzeko etorri gara. Kasu honen atzetik gehiago etorriko dira, eta gu laguntzeko egongo gara. Bakarrik sentitu izan gara arazo horren aurrean, eta atzetik etortzen direnak ez dugu horrela sentitzea nahi. Babesa emango diegu, zein pauso eman ditugun azaldu, zertan lan egin dezaketen... Horretarako, gurekin harremanetan jar daitezke: Garden guraso plataformaren Facebook orrialdean edo garden2016gurasoplataforma @gmail helbidean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!