Alex Arozena (Ibarra, 1980), BOX.A elkartea osatzen duten hamabi bazkideetako bat da. Horretaz gain, Jam session estiloko saioak antolatzen hasi zen kideetako bat da, eta orain lan horretan aritzen da ostegunero. Saio horien sorreraz, bertako giroaz eta parte hartzaileen inguruan hitz egin du ATARIA-rekin.
Noiz hasi zineten emanaldi hauek ospatzen, eta nondik etorri zitzaizuen ideia?
2016ko apirilean hasi ginen Ostegunik izeneko jaialdi hauek antolatzen. Hasiera batean, nire instrumentuak uzteko lekua behar nuela eta, eszenatoki bat sortu nuen. Gero, elkarteko bi bazkidek, leku horri etekina atera nahian, bertan Jam Session moduko zerbait egitea proposatu zidaten. Gainera, niri inprobisazioa eta zuzeneko musika asko gustatzen zaizkit. Beraz, pintxo-potea luzatzeko asmoz, aurrera eraman genuen ideia hori eta emanaldiekin hasi ginen.
Nola lortzen duzue pintxo-pote momentu hori luzatzea?
Gure asmoa, tabernetan pintxo-potea amaitzen zenerako, zerbait eskaintzea zen. Nolabait ere, jende askok ostegunetan ez du afaltzen, eta beraz, egun horretako plana luzatzeko modua da. Zer hobeto pintxo-potea jarraitzeko, bat-bateko musikaz gozatzea baino! Gainera, hemen ere baditugu edatekoak, baita zizka-mizka ugari ere.
Zuk esan bezala, Ostegunik izena eman zenioten bilkura honi. Zergatik izen hori?
Lehen aipatutako bi bazkideek, guztia antolatzen hastearekin batera, zer nolako ekitaldiak sortu erabakitzeaz gain, botatako ideia guztien artean izen deigarri bat aukeratzeko beharra ikusi zuten. Oinarrian, ekitaldiari festibal itxurako formatua ematea zen helburua, eta beraiek, Electronik izeneko festibal bat gustatzen zitzaien. Beraz, hitz-joko baten ondorioz sortu zen Ostegunik (osteguna + electronik).
Zuen arabera, nahiago duzue ikusleek beren begiekin hemen ikustea, interneten ikustea baino. Desberdina al da?
Noski dela desberdina! Musikaren transmisioa eta bolumena ez da berdina etxean edo hemen zuzenean ikustea eta entzutea. Sentimenduak ere aldatu egiten dira lekuaren arabera. Zuzeneko musika, hitzak berak esaten duen bezala, zuzenean entzutekoa da beti; inprobisazio aldetik gainera, musika sekula ez da berdina, inoiz beste inon ezin delako momentuan eta bat-batean botatakoa entzun. Bestetik, argien, musikaren, eta jendearen bitartez sortzen den atmosfera, ezin da beste inon aurkitu.
Musikariak sorpresaz etortzen dira egunean bertan? Edo bada astero etortzen denik?
Badira betiko Ostegunik zaleak, baita ahal dutenean etortzen direnak ere. Bestalde, tarteka formatu ezberdineko kontzertuak eskaintzen ditugu: aipatutako Jam Session modukoak, kanpoko taldeen emanaldiak, edo kontzertua eskaini baino lehen, entsegu moduko bat egin nahi duten taldeen saioak. Beraz, saio ezberdinak izaten ditugu era guztietako ikusleentzat.
Eta nolakoa izan da parte hartzaile horien erantzuna? Espero zenuten bezain bestekoa?
Hasieran, Tolosan musikak duen eragina ikusirik, zerbait gehiago espero nuen. Egia esan, lokalizazio aldetik begiratuta, ez da gertuko zerbait, hona iristea ere ez da erraza. Beraz, guzti horrek eragotzi dezake jendea gerturatzea. Bestetik, komunikazio aldetik, azken urratsa ematea falta zaigu; kartelen edo sare sozialen bidez jende gehiagorengana iristea.
Hona gerturatzen denak, derrigorrez jo behar du instrumenturen bat?
Ikusleren batek bere instrumentua jotzea eskertzeko da beti. Azkenean, astero jotzen dugun musikarion artean, konplizitate apur bat dago, baina asko estimatzen dugu odol berriak etortzea, horiek ideia berriak ekartzea; horri esker, sortzen den musika ezberdina delako. Hala ere, ikuslegoa ere beharrezkoa da lehen aipatutako atmosfera hori sortzea nahi badugu.
Apiriletik hona, ia ostegunero egin duzue lan hemen. Zer nolako egin beharrak suposatzen ditu honelako saio batek?
Saio hauetan, nik proposatutako protokolo baten bidez egiten dugu lan, eta hitzarmen horren barruan, hiru etapa daude: hasierako funtzionamendua, bitartekoa eta amaierakoa. Zailena, jendea etorriko dela bermatzea izaten da; horretarako, bezperan komunikazio lanari ekiten diogu. Gero, lekua atondu eta saioa prestatu behar da. Emanaldian zehar, soinu-mahaiarekin lan egin, edozein arazo ebatzi eta pintxo-potea eskaintzea dira gure zereginak. Azkenik, saioa amaitzean, guztia jaso, garbitu, txukundu eta lehen zegoen bezala uzten dugu.
Saio guzti horietan, gertatu al da anekdotaren bat?
Anekdota txiki ugari egon dira, hala ere, batzuk kontaezinak dira. Baina, bada guretzat berezia den ezaugarri txiki bat. Ostegunik saioak amaitzean, gehiago ez luzatzeko, zozketa bat antolatzen dugu. BOX.A-n gauza asko (bereziak, eskasak...) ditugu gordeta, asko gainera soberan daude. Saioan zehar zerbitzatutako edari bakoitzarekin batera, zenbaki bat ematen da, eta amaieran, gauza ezberdinez betetako kaxa-sorpresa bat zozketatzen da. Ikusleek umorez hartzen dute bukatzeko modu hori.