60 udaberri, belaunaldiz belaunaldi dantza zabalduz

60 udaberri, belaunaldiz belaunaldi dantza zabalduz

Udaberrik 60 urte betetzen ditu aurten; ohiko agendaz gain, Tolosako dantza taldeak hainbat jarduera prestatu ditu, tartean, jai egun bat eta baita moda desfile berezi bat ere 

Urte berezia du aurretik Udaberri dantza taldeak. 1957. urtean sortu zen Tolosako taldea eta aurten, beraz, 60 urte beteko ditu. Hori dela eta ekitaldi berezi ugari prestatu dituzte 2017an zehar eskaintzeko.
Batetik, webgunea berritu dute. «Tradizioari eskutik ibilitako bidea izanagatik, Udaberri garai berrietara egokitu izan da sei hamarkadaotan eta, asmo horri eutsiz, dantza taldearen webgune berria izango da urteurrenaren erakusleiho zabalena», esan dute. Atarian besteak beste, 2017ko hitzordu bereziak iragarriko dituzte eta era berean, moskeo kanpaina formatuan egin dituzten bideoak ere bertan ikusi daitezke. Era berean, ikus-entzunezko bat ari dira prestatzen dantza taldetik pasa diren 43 pertsona elkarrizketatuz.

Bestalde, Udaberriren «harribitxietako bat» Euskal Herriko hainbat txokotako jantzien ondarea denez, hauek erakusteko desfilea ere egingo dute. Urteurrena, kalean, Tolosan, eta tolosarrekin ospatu nahian, egun osoko jaia ere egingo dute irailaren 9an eta emanaldi berezi bat ere egingo dute, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean.

 

Ekitaldiak

  • Webgune berria. www.udaberri.eus. Dantza taldeak egunerokorako baliagarri diren edukiak jarriko ditu erabiltzaileen eskura. 60. urteurrenean sortuko diren eduki eta ekintza guztiak komunikatuko dituzte bertan eta artxibo moduan ere erabiliko dute, irudi, bideo eta abar bertan bilduz.
  • Promozio bideoa. Ezusteko dantzak. Batik bat, sare sozialei begirako lana da, kalean, bat-batean, dantzan hasi eta herritarren erreakzioak bildu dituzte kamera bidez. 2016ko abenduan grabatu zituzten Tolosako azoka eguna baliatuz. Grabaturiko 7 bideoak taldearenyoutube kanalean ikusi daitezke.
  • Dokumentala. Aulkien kulunka. 60 urteetan dantza taldetik pasa direnen 43 pertsonen hitzak jaso dituzte ikusi-entzunezko bat osatzeko. Ekainaren 9an eskainiko dute, 20:30ean, Topic-en.
  • Desfilea. Euskal Jantzi Tradizionalak. Oihal, adabaki eta apaingarriek zer nolako ondarea osatzen duten ikustarazteko antolatu dute desfile berezia. Urriaren 6an izango da, 20:30ean, Zerkausian.
  • Festa eguna. 60 urtez. Jai eguna antolatu dute irailaren 9rako. Goizean belaunaldi ezberdinen kalejira egingo dute, larrain-dantza erraldoi batekin amaituz. Ondoren herri bazkaria egingo dute, kantuz eta dantzaz lagunduta eta arratsaldean, txarangen laguntzaz kaleak alaituko dituzte. Gauean erromeria egongo da.
  • Emanaldi berezia. Eragileak lagun. Tolosako beste hainbat eragilerekin batera, tartean musika banda, emanaldi berezia eskainiko dute udaran, data eta lekua zehaztuko dituzte aurrerago.