Haurrei begirako ekitaldiak, inauterietan murgiltzeko

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko urt. 23a, 11:05

Tolosa & Co-ren ordezkaria, Edit Etxezarreta, Aiz Orratzeko Iker Galarza eta Juanma Zaldua

Aiz Orratz elkarteak aurkeztu ditu jada, txikienei begira antolatu ohi dituen ekitaldiak; iazko arrakasta ikusita, aurten berriz ere eskainiko dute txu-txu trena

Hilabete besterik ez da falta inauteriak hasteko eta tolosarrak jada prestakuntza lanetan dabiltza buru-belarri. Etxe gehienetan ibiliko dira jostorratzak dantzan eta hori gutxi ez, eta askotan egongo dira ere, danborrak astintzen. Mozorroak eta Zaldunita bezperako danborradak ez dira Tolosako jai nagusien protagonista bakarrak, baina leku nabarmena dute, bai behintzat, Aiz Orratz elkartean. Izan ere, 49. aldiz egingo dute aurten, Haur Jaialdia. Ez da hala ere, elkarteak inauterietan duen egiteko bakarra, Mozorro Lehiaketa, Marrazki Lehiaketa eta txikien danborra ere bere ardura baitira.

Haur danborrada
Aurtengoan haur danborrada otsailaren 25ean izango da eta kosaken entseguak larunbatean hasi ziren. Urtarrilaren 28an eta otsailaren 4 eta 11n ere egingo dituzte entseguak. 15:30ean elkartuko dira Musika Eskolan eta entsegu orokorra otsailaren 19an egingo dute Trianguloan, 11:00etan. Iker Galarza Aiz Orratz elkarteko inauterietako batzordearen ordezkariak eman zuen entseguen berri, prentsaurrean, eta bertan txikienak haur danborradan parte hartzera gonbidatu zituen.

Iazkoaren bidetik
Mozorro Lehiaketa da Aiz Orratz elkarteak antolatu ohi duen beste ekitaldietako bat. Aurten, iaz bezala, sare sozialak eta whatsappa erabili ahalko dituzte parte hartu nahi dutenek. Hau da, argazkia atera eta 688 854 076 whatsapp zenbakira bidali ahal da edo haurjaialdia@gmail.com helbidera bidali. Hori bai, argazki edo bideoekin batera, haurren izen-abizenak eta gurasoekin harremanetan jarri ahal izateko telefono zenbakiak jarri behar dira. Era berean, bideoak horizontalean grabatzeko eskatu dute. Argazkiak astelehenetik, hilak 23, otsailaren 12a arte bidali ahal dira. Jasotzen dituzten argazki guztiak euren webgunean, www.aizorratz-veleta.com-en, eta Facebookeko orrian jarriko dituzte ikusgai. Facebook bidez ere bozkatu ahal da, argazkiei Atsegin dut emanda.

Bozka emateko sistema iaz aldatu zuten, eta parte hartzeko egun gutxiago egon zirenez parte-hartzaile gutxiago egon zirela esan zuen Galarzak, «baina orain lau aste ditugu aurretik eta espero dugu jende gehiago animatzea».

Sariak, baita Facebook bidez bozkatzen dutenen artean zozkatuko dutena, Tolosa & Co merkatarien elkarteak eskainiak dira, eta Galarzak eskerrak emateko baliatu zuen aurkezpena. Saridunek garaikurrak, Ostegun Gizenean zezenak palkotik ikusteko sarrerak, Gozonako merienda bat, Kids&Us-ek eskainitako opariak, Tolosa & Co-k eskainitako 50, 40 eta 30 euroko opari txekeak eta Maritxu Arropakek eskainitako txilaba bat eskuratu ahal izango dituzte.

Haur jaialdia
Haur Jaialdia otsailaren 18an izango da eta iazko arrakasta ikusita aurten ere kalejiran joango dira Leidor aretoraino. Erraldoi eta buruhandiekin egingo dute kalejira. 11:45ean aterako dira elkartetik eta Trianguloan, 12:00ak aldera, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoekin elkartuko dira, eta batera joango dira Leidorrera. 12:30ean hasiko da Haur Jaialdia eta Joseba Usabiaga izango da aurkezlea. Jaialdirako sarrerek euro bat balio dute, urtero bezala, eta otsailaren 17an 18:00etatik aurrera jarriko dituzte salgai, Leidorren, eta baita otsailaren 18an bertan ere, 11:00etatik aurrera. Guztiei, haur zein heldu, mozorrotuta joateko eskatu diete.

Era berean, inauterietan, Zaldunita bezperan, txu-txu trena izango da berriz ere. Udalaren batera antolatu dute eta 11:00etatik 13:00etara ibiliko da kaleetan, elkartetik aterata.

Ekitaldiak

  • Haur danborrada. Zaldunita bezperan, otsailaren 25ean, 16:30etik aurrera. Kosaken entseguak urtarrilak  28 eta otsailaren 4 eta 11n, 15:30ean Musika Eskolan. Entsegu orokorra otsailaren 19an, 11:00etan, Trianguloan.
  • Mozorro Lehiaketa. Parte hartzeko moduak: argazki edo bideoak whatsappeko 688 854 076 telefono zenbakira bidalita edo haurjaialdia@gmail.com helbidera bidalita. Bozketa, Facebooken Atsegin dut emanda. Mozorro lehiaketan 13 urte bitarteko haurrek hartu dezakete parte eta sariak banatzeko bitan banatuko dituzte; bost urte artekoak eta 5 urtetik 13 urte bitartekoak. Mozorro sinpatikoenak ere saria izango du. Irabazleek Haur Jaialdian jasoko dituzte sariak, Leidorren bertan, eta saritutako mozorroa eraman beharko dute.
  • Haur Jaialdia. Otsailaren 18an. 11:45ean abiatuko da kalejira elkartetik, 12:00etan Trianguloan elkartuko dira Txirri, Mirri eta Txiribitonekin eta Leidorren izango da jaialdia, 12:30ean. Sarrerak otsailaren 17an erosi ahal dira Leidorreko leihatilan 18:00etan, edo otsailaren 18an bertan, Kaldereroetan, 11:00etatik aurrera Leidorreko leihatilan.
  • Txu-txu trena. Zaldunita bezperan, otsailaren 25ean, 11:00etatik 13:00etara, elkartetik abiatuta.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!