Haurrak lasterka, Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2017ko urt. 20a, 08:53

Ero-Etxe elkartearen XXX. Krosa izango da igande honetan, Tolosan. 11:30ean hasiko dira lasterketak, San Frantziskon.

Tolosako inauteriak hasteko hilabete eskas falta da, eta Tolosa hasi da dagoeneko horretarako prestatzen: mozorroak erakusleihoetan, aisialdi taldeak mimo handiz dantzak prestatzen edota karrozez betetako ferialekua, besteak beste. Horretaz gain, bada Tolosako eta eskualde osoko haurrei inauteriak gerturatzen ari direla erakusten dien urteroko zita: Ero-Etxe krosa. Igande honetan izango da eta aurtengoa, gainera, berezia izango da: 30 urte beti ditu lasterketak.

Bi ibilbide, parte hartzaileei egokituta

Bi ibilbide prestatu dituzte antolatzaileek: luzea eta motza. Bata zein bestea San Frantzisko etorbidean hasiko dira; handik, Foruen etorbidea igaro eta erreka ondoko pasealekutik, Triangulora joango dira. Ibilbide motza egiten dutenek, Triangulotik San Frantzisko pasealekurantz hartuko dute; bertan izango da helmuga.

Ibilbide luzea egiten dutenek, ordea, Alde Zaharreko kale estuetatik barrena ibili beharko dute; Korreo kalean behera jaitsi eta Plaza Berriaren atzetik igaro ondoren, Triangulora joango dira Arostegieta kaletik barrena. Handik, San Frantzisko pasealekuko helmugara joan beharko dute; herritarren animoak eta txaloak beharko dituzte azken metroak egiteko.

11:30etik aurrera, festa

11:30ean hasiko dira lasterketak San Frantzisko pasealekuan. Infantilen txanda izango da lehenengo; gizonezkoen kasuan, bi itzuli luze egin beharko dituzte 2.800 metro guztira. Ordu laurden beranduago, emakumezkoek korrituko dute eta itzuli luze bat eta motz bat egin beharko dituzte; 1.950 metro.

Eguerdian hasita, alebinek izango dute Tolosa erdialdea korritzeko ardura. 1.400 metroko itzuli luze bat egin beharko dute, gizonezkoek lehenengo, eta emakumezkoek gero. Festarekin amaitzeko, benjaminek bi itzuli motz egin beharko dituzte 1.100 metro.

Parte hartzaileak lasterka egiteko prest dira, eta kale ertzak herritarrez beteta dira jada. Piztu da megafonoa eta esatariak abiatzeko keinua egin du. Aurrera!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!