#BadatozInauteriak 2017

Karrozek eta konpartsek, motorrak piztuta

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko urtarrilaren 17a

Tolosako Udalak zabaldu du jada, 2017ko inauterietarako karroza eta konpartsen lehiaketako izen-ematea; webgunetik nahiz kultur etxean egin ahal izango da.

Hilabete pasatxo baino ez da geratzen tolosarren oasia leher dadin, eta herria murgiltzen ari da, jada, inauterietako prestakuntzetan. Tolosako Udalak zabaldu berri du karroza eta konpartsen izen-ematea, eta otsailaren 17ra bitarte aukera izango da horretarako.

Bi bide eskani dituzte, gainera, lehiaketan parte hartu nahi dutenentzat. Batetik, www.tolosa.eus webgunetik izena eman ahal izango da eta, bestela, kultur etxeko sarreran bertan aukera eskainiko dute; 10:00etatik 13:00era eta 16:00etatik 19:00etara izango da ordutegia.

Aipatzekoa da, Ferialekua ari dela karrozaz betetzen eta, azken urteetako bideari jarraituz, udalak Usabalgo pabiloia ere atondu duela, inauterizaleen ideiarik zoroenak garatu ahal izateko. Konpartsa txikientzat, berriz, Tolargiren pabiloia egokitu dute.

Informazio xehatua nahiz dokumentazioa eskuratu nahi dutenek, www.tolosa.eus/inauteriak ataria bisitatu besterik ez dute egin beharko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!