Zergetako hobariak eskatzeko epea zabalik da udalean

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko urtarrilaren 11

Datorren otsailaren 15era bitarte izango da eskaera egiteko epea; UDATEra bertaratu beharko da horretarako.

Udal zergak ordaintzerakoan hobariak jaso ahal izateko eskaera epea zabaldu berri du Tolosako Udalak.

Datorren urtebetean ordaindu beharreko zerga guztien hobariak eskatu beharko dira orain, eta otsailaren 15era bitarte izango da eskaera egiteko epea, udaletxeko harreran, UDATEn.

Batetik, Higiezinen Gaineko Zergaren hobaria jasotzeko aukera izango dute familia ugariek eta, kasuaren arabera, %50eko edo %75eko deskontua ezarriko diete.

Bide beretik, seme-alabak dituzten zenbait familiak ere laguntza jaso ahal izango dute udalaren eskutik. Kasu honetan, laguntzak ezingo dituzte seme-alaba bakarreko familiek jaso; kontrara, bigarren erditzetik edo adoptatzetik aurrerako familiek eskaera egin ahal izango dute.

Familia ugariek ibilgailuen zergan ere hobariak jasotzeko aukera izango dute, elbarriak bezalaxe. Azken horien kasuan, elbarriek gidatutako ibilgailuak, edo elbarriak garraiatzeko ibilgailuak sartuko dira hautagaien artean.

Azkenik, hondakinen tasa ordaintzerakoan abantailak izango dituzte, lanbide arteko gutxieneko soldataren azpitik dauden familiek. Informazio osatua  www.tolosa.eus webgunean dago.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!