«Urtean egun bat gutxien dutenei eskaintzea da ideia»

Ataria 2017ko urt. 6a, 08:00

Hirugarren urtez Eguberrietako elkartasun bazkaria egin dute Bidegoxo jatetxean; herrian gehien behar dutenengatik zerbait egiteko nahiak bultzatuta hasi ziren prestatzen.

Urteko sasoi honetan elkartasun ekimenak areagotu egiten dira. Horiek era askotakoak izan daitezkeela ikusten da eskualdean antolatu diren ekimenei begiratzen badiegu. Elkartasun helburua duten merkatuak egoten dira, baita, kirola eta elkartasuna uztartzen duten lasterketak ere, eta baita, solidaritatearen xedearekin egiten diren otorduak ere. Bidegoxo jatetxean, hain juxtu, hirugarren urtez egin dute aurten Eguberrietako bazkaria gutxien duten herritarrak gonbidatuz.


Nolatan hasi zineten bazkari hau antolatzen?
Duela lau urte hartu genuen jatetxearen ardura, eta lehen urtea igarotzean emazteari eta niri horrelako zerbait egiteko ideia bururatu zitzaigun. Izan ere, Tolosako kaleetan asko ibiltzen gara, eta jendea beharrean dagoela ikusten dugu. Horrela hasi ginen pentsatzen eurengatik zerbait egin ahal genuela.

Nolako esperientzia izaten da?
Oso ona. Urteko egun guztietan irekita egoten da jatetxea. Soilik bazkari hori egiteko ixten dugu.  

Aurtengo bazkarian, zenbat herritar elkartu dira?
30 inguru izan dira.

Gehien behar duten herritarrak dira mahaiaren bueltan elkartzen direnak.
Bai. Batzuk dagoeneko ezagutzen ditugu, beste urteren batean ere etorri izan direlako. Gustura egoten dira, eta horregatik errepikatzen dute. Eta, guk ere oso ondo igarotzen dugu beraiekin.

Denetariko herritarrak dira gonbidapena onartuz bazkaltzera zuenera joaten direnak.
Bai. Gazteak, helduak, emakumeak, gizonezkoak, eta tartean Tolosako Abegiko egoiliarren bat ere bai. Tolosako Udaleko Gizarte Zerbitzuen bidez jasotzen dute gonbidapena pertsona hauek.

Era boluntarioan eta laguntza ekonomikorik gabe antolatzen duzue.
Urteko gainerako egun guztiak ditugu guretzat irabazteko, beraz, egun hori besteentzat eta beharra duten herritarrentzat eskainia izatea da ideia. Esperientzia oso baikorra da, eta jarraipena emango diogu, beraz, datorren urtean ere egiteko asmoa dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!