Azkarateren atxiloketa «itzalpetik ateratzeko» ekintza egin dute

Ataria 2017ko urt. 5a, 15:49

Tolosako hiri-autobus batean ‘Manu askatu’ leloa margotu dute; «bake faltsu» batean gaudela salatu nahi izan dute

Manu askatu dioen pintaketa egin dute Tolosako hiri-autobus batean. Pintaketaren egileek ekintza horrekin «bake faltsu batean murgildurik gauden heinean, errepresioa isilik onartzeari uko egin eta hori salatzeko eta borrokatzeko ekintza oro beharrezkoa ikusten» dutela nabarmendu nahi izan dute. Era berean, «egungo egoera desnormalizatuz arazoa eztabaida publikoan kokatzen duten ekintzak» beharrezkotzat jo dituzte. Horregatik egin dute pintaketa hiri-autobus batean: «Egun osoa herritik bueltaka egongo den» autobusean Azkarateren askatasuna eskatzeko duen leloa jartzea «gertakari hau itzalpetik atera eta herriaren egunerokotasunean txertatzeko modu ezin hobea» dela iritzi dute ekintzaren egileek.

Era berean, aipatu «bake faltsua» Azkarateren atxiloketa «itzalpean geratu izanaren eragilea» dela esan dute. Erailketa matxistak, krisi ekonomikoak eta horrek eragindako egoerak ekarri dituzte gogora: «Gertaera horiek guztiak nolabaiteko ongizate batean edo bake egoera batean daudela esaten digute. Garbi dugu, ordea, egoera horiek guztiek bake egoera batean beharrean gatazka egoera batean kokatzen gaituztela eta gatazka horietan zapalduak zein zapaltzaileak daudela».

Horiek horrela, «eskema nahiko sinplea» dela esan dute: «Zapalduak mugitzen edo borrokatzen hasiz gero, zapaltzaileak modu ezberdinetako errepresioa erabiltzen du, bakea beharrean gatazka egoera garbi bat dagoela erakutsiz. Eta horrela ikusten dugu Manuk zein beste kide askok jasandako jazarpena eta baita herriko gazte mugimenduaren jazarpena ere».

Bukatzeko Manu Azkarateren «izaera militantea» nabarmendu nahi izan dute: «Euskal langile herria defendatzeagatik, hau da, zapalduen aldeko borroka bat emateagatik jasan izan du errepresioa, horregatik gaurkoan ere miresmen eta babes osoa». Aipatu «bake faltsua» dela eta, ekintzetara pasatzeko garaia dela ere esan dute. Azpimarratu dute kaleak direla borrokarako esparru egoki zein beharrezkoenak: «Beraz ekin diezaiogun zapalduok gatazka honetan esparruz esparru batera eragiteari eta honakoan preso, iheslari zein errefuxiatuak kaleratzeari. Denak ala inor ez», esan dute bukatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!