Merkatu Txikia, hogeitabatgarren aldiz

Ataria 2017ko urtarrilaren 4a

Laskorain ikastolako hezkuntza komunitatearen urteroko hitzordua da Merkatu Txikiarena.

Tolosako kultur etxean jartzen dute eta helburua «gazteen heziketa prozesuan errealitatearen ikuspegi gizatiarra eta soziala barneratzea» da, Merkatu Txikia antolatzeko osatutako batzordeak azaldu duenez. Ikasleekin elkartasuna lantzeko antolatzen dituzten ekitaldietako bat da, hain justu, Merkatu Txikia. Aipatu balioak Laguntza bat, irrifar bat lelopean lantzen dituzte eta ikasleen «balioak, jarrerak, emozioak eta portaerak poliki-poliki hobera aldatzea» da asmoa. «Norbera ikasten ikasi eta elkarrekin bizitzen ikasi konpetentziekin lotutako balio hauek lantzen ditugu: errespetua gauzei, pertsonei eta ideiei», gaineratu dute.

Merkatu Txikia denda, lantoki, finantza erakunde eta beste hainbat elkartetan bildutako gauzekin osatu dute eta urtarrilaren 7a bitarte egongo da zabalik Tolosako kultur etxean, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Merkatu Txikia zabalik dagoen bitartean ere edonor gerturatu daiteke erosteaz gain, behar ez dituen eta egoera onean dauden gauzak ematera.

Biltzen duten dirua Ibarratik Misio Taldea eta Tolosaldea Sahararekin elkarteetara bideratuko dute eta saltzen ez dituzten gauzak Saharara zein Emaus taldera bideratuko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!