[Gutuna] Udalera gutuna

Nere Karrera Eraso 2017ko urt. 4a, 11:46

Kaixo. Tolosarra eta ikaslea naiz, eta horregatik idazten dut. Izan ere, herri honetan bi alderdi hauek uztartzeko arazoak ditut. Dirudienez, beste hainbat ikasle ere arazo honen aurrean aurkitu izan dira, baina udaletxean kexa hau aurkeztua izan den arren, ez dut berauen partetik inongo aldaketa asmorik ikusten.

Bai, udal liburutegiko ordutegiaren inguruan hitz egitera nator. Zein da udal liburutegi honen helburua? Herritarrei zerbitzu on bat ematea edota Tolosako historian garrantzia izan duen eraikin itxuroso bati erabilera ematea?

Dirudienez, Tolosan Hulk itxurako eta burmuinik gabeko herritarrak izatera bultzatzen gaituzue. Izan ere, kiroldegia goizeko 08:00etatik gaueko 22:00etara irekita aurkitzen den bitartean, udal liburutegiak zazpi ordu eskas soilik irekitzen ditu, irekitzean eta ixtean kentzen dizkiguten 5 minutuak kontutan hartzen ez baditugu noski.

Industria 4.0ari buruz hitz egitea gustatzen zaigu ekonomikoki eta industrialki geure burua punta puntako kontsideratzen baitugu, baina nora goaz? Hau al da eskualde baten garapena bultzatzeko bidea? Ezustekoak datoz gero, Pisako zerrendetan Andaluzia, Extremadura eta Kanaria uharteen pareko aurkitzen garenean.

Honen aurrean, eskualdearen eta bertako herritarron etorkizuna hobetze aldera, ikasketak uztartzeko baliabideak hobetzea eskatzen dut lehenik eta behin liburutegiaren ordutegia zabaltzeko eskatuz.

Besterik gabe, iradokizuna kontutan hartua izango delakoan. Agur bat.

Nere Karrera Eraso 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!