[GUTUNA] Tolosako pintaketen egileen oharra

Idatzi hau argitaratzeko beharra ikusi dugu ostegun gaueko pintaden ekintza ondo ulertu ez dela uste dugulako, eta ondorioz honen helburua argi utzi nahi dugulako.

Aldez aurretik, azpimarratu nahi genuke ekintza ez dela inongo erakunde, plataforma edo talderen izenean egin. Honen intentzioa mendebaldeko eguberri ospakizunak eta bertatik eratortzen den kontsumismo frenetikoa aitzaki hartuta urte osoan zehar indarrean dauden etereotipazio matxisten gorazarrea salatzea da. Kritika honen adierazle izango lirateke “kontsumismo matxistarik ez” bezalako leloak.

Estetika lantzen duten komertzioen erakusleihoak estereotipazio irreal hau bisualki argien islatzen dutenak irizten ditugu, horregatik egin da ekintza berauetan. Hau esanda, ez dugu ahaztu behar patriarkatuak mota guztietako komertziotan duela bere isla. Argi dugu eredu ideal hauen inposaketak multinazionalen nahiei egiten diela men, eta komertzio txikiek eskumen urriagoa dutela hauek eraldatzeko. Herrian, zorionez, estetikaren inguruko multinazionalen establezimendu ugari ez daudela kontuan hartuta, estereotipazio anker hau salatzeko berau irudikatzen duten beste erakusleiho batzuk ere erabili dira, ulertuta kanon hauek ez dituztela berauek ezartzen, baina bai erreproduzitu.

Bestalde, borroka moldearen inguruan piztu den eztabaidari erantzun nahi genioke. Aukeraketa egoki ikusi dugu, ezinegon kolektibo bat kaleetan zuzenki adierazi eta errealitate gordin honen aurrean gaur egungo bake sozial faltsua desnormalizatzen duelako. Ez dugu ulertzen borroka molde honek feminismoari mesede egiten ez diola dioen argudioa. Zergatik ez? Ekintza feminista gaur egungo legalitate edo bake faltsuaren parametroetara mugatu behar badugu, hau ez da gure borroka. Gure ustetan, borroka feministarako tresna gisa ekintza zuzena gaitzesteak egiten dio kalte feminismoari, ulertuz zapaltzen gaituen sistema batekiko autodefentsa gauzatzen ari garela. Honek ez du esan nahi borroka molde hau lehenesten dugunik, baizik eta testuingurua egokia irizten bada, legitimotzat jotzen dugula bere erabilera. Honakoan, egokia iruditu zaigu pedagogia bidez lortu ez dena plazaratzeko. Gure nahia, ezaba daitekeen margoketak suposa lezakeen “indarkeria” gaitzetsi beharrean, ezabatu nahian gabiltzan benetako indarkeria heteropatriarkala salatzea da.

Gauzak honela, gure kritika sistema kapitalista heteropatriarkalaren interesen arabera inposatutako genero dikotomiaren eraikuntzan dirauten estereotipazioen aurka da. Sistema honen atzaparretan jokatzen dugun heinean, askatasun faltsu batean bizi garela azaleratu nahi dugu. Interes hauek betetzeko arau normatibo inposatuek ez dute aniztasunerako tokirik uzten, berauetatik kanpo jokatzeak zigor sozial bat dakarrela ulertuz. Honela, honen aurkako jarrera hautu politiko eta kontranormatibo bat bezala ulertzen dugu. Hau da, ez dugu hautu jakin bat salatzen, interes jakin batzuen araberako hautu baten inposizioa baizik. Beraz, ez gaude “errespetua” edo “adierazpen askatasuna” bezalako kontzeptuen izenean zapaltzen gaituen sistema oso bat elikatzen duen ezeren aurrean geldirik geratzeko prest.

Azkenik, argi utzi nahi dugu gure borroka ez doala komertzioen aurka, erakusleihoetan islatzen den sistema oso baten aurka baizik. Deseraiki ditzagun behingoz “emakumetasun” eta “gizontasun” eredu inposatuak eta eraiki gaitezen bakoitza askatasunean.

Trastorno feminista

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!