Urte Zaharretako krosak 2016

Orain arteko parte hartze handiena

Ataria 2016ko abenduaren 31

Balantze bikaina egin dute Tolosako Elkartasun Kroseko antolatzaileek. 700 heldu eta 700 haur inguruk hartu dute parte urteko azken lasterketan.

"Dortsal guztiak banatu ditugu, eta batzuek ere parte hartu dute dortsalik gabe eta izen-ematea ordainduz. Eskertzekoa da jendearen parte hartzea, eta baita umorea ere", esan du Irune Larreta Samaniego Ikastetxeko Agenda 21eko koordinatzaileak eta antolakuntzako kideak. Kolonbiako Guabas bailarako Guillermo Leon Valencia eskolak duen Bibliomula proiektuari laguntzeko erabiltzen da Elkartasun Krosean ateratzen den dirua.

Helduen mailan, emakumezkoetan lehen hiruak Maria Lasa, Maialen Muñoz eta Oihana Zubillaga izan dira, eta gizonezkoetan Unai Señoran, Xabier Plazaola eta Aitor Regillaga. Beteranoetan, Eli Agirrezabala eta Unai Señoran izan dira lehenengoak. Mozorrotuta hainbat parte hartzaile izan dira, eta bordondantzariz atera diren laukoteak jaso du saria. Sari banaketan hasi aurretik, antolakuntzak Nerea Perez Plazas arraunlariari saria eman dio urte honetako ibilbidearengatik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!