Tolosako Udalak eta Tolosa&Cok "irmoki" gaitzetsi dituzte pintaketak

Ataria 2016ko abenduaren 30a

"Herriko garapen ekonomikoaren motorretako bat da merkataritza sektorea, eta pintaketa horiek kalte zuzena eragiten diete saltzaileei", salatu dute Tolosako Udalak eta Tolosa&Cok ohar baten bidez.

Ostiral goizean, "kontsumo matxistaren aurkako pintadak agertu dira Tolosako hainbat dendetan. Ekintza horiek gaitzesteko, oharra kaleratu dute Tolosako Udalak eta Tolosa&Co merkatari elkarteak. 

"Merkataritza sektoreak denbora eta esfortzu handia inbertitzen du saltokia hornitu, kanpaina prestatu eta erakusleihoak atontzen". Hori dela eta, "berdintasuna lortzeko bidean, pintaketetan agertzen diren mezuek mahaigaineratzen duten gaia azaleratzeko beste bide batzuen alde egiten dugu, herriko merkatariek kalte materialik eragin gabe", azaldu dute. 

Udalaren eta merkatari elkartearen iritziz, erabilitako "bidea ez da helburuak lortzeko egokiena", eta adierazpen askatasunak "ez du justifikatzen herriko zenbait dendari egindako jazarpena". 

Amaitzeko, udalak babesa eskainiko merkataritza sektoreari eta lanean jarraitzeko deia egin die. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!