Altzairuzkoak, azal eta bihotz

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko abe. 28a, 11:08

Afganistango emakumeek jasaten duten zapalkuntza sistematikoa iruditan izoztu dute Gervasio Sanchezek eta Monica Bernabek; Aranburu jauregian ikusgai da erakusketa.

Afganistanen gizonezko baino emakume gehiagok egiten du beren buruaz beste; munduan ez da, horrelakorik, beste inon gertatzen. Baieztapen gordin bat izan liteke, baina, tamalez, Afganistango emakumeen bizitza gordinkeriak eraikitzen du, jaiotzen diren uneaz geroztik. Batzuek, altzairuz estaltzen dute nahigabea pilatu dien azala; beste askok, ordea, motxila emakumeen patu beltzez betetzen jarraitzen dute.

Talibanak agintean egon zirenean, oinarrizko zenbait eskubide ukatu zizkieten emakume afganistandarrei eta, besteak beste, etxetik kanpo lan egitea, ikastea edo medikuen laguntza jasotzea herritarren erdiaren luxu bilakatu ziren. Neurri inposatzaileak kontinenteak zeharkatu zituen, eta Mendebaldea asaldatu egin zen albistearekin. Egiazki, ordea, anekdota hutsa izan zitekeen, Afganistango emakumeak drama eternal batean bizi baitira egunero-egunero.

Hala uste dute, behintzat, Gervasio Sanchez eta Monica Bernabek. Afganistan. Emakumeak erakusketa osatu dute 2009tik 2014ra bitarte ateratako argazkiekin, eta Tolosako Aranburu jauregian da ikusgai.

Ezkongaiak, politikariak, futbolariak, droga menpekotasuna dutenak nahiz boxeolariak erretratatu dituzte urteotan guztiotan, besteak beste, erakusteko «emakumeen aurkako indarkeria familian bertan hasten dela Afganistanen, eta endemikoa dela; ez du zerikusirik talibanak egotearekin edo ez egotearekin». Bide horretan, gainera, nazioarteko komunitatearen isiltasuna salatzeko ere baliatu nahi izan dute argazki erakusketa.

EZKONTZA, TRANSAKZIO BAT

Bi familiaren arteko hitzarmena izan ohi da afganistandar ezkontza, eta estatus soziala, etnia eta tribua oso kontuan hartzen dituzte akordioa onartzerako. Izan ere, gizonak emakumearen familiari ordaindu egiten dio ezkontzearen truke: emakumea erosten du.

Afganistango funtzionarioek hilean bataz beste 160 euro irabazten duten arren, ordainketa horiek 5.000 eurora irits daitezke zenbait kasutan. Eta, noski, zerbait ordaintzeak zerbaiten jabe izatea dakar; emakumea gizonaren jabetzara pasatzen da ezkondutakoan.

Antza, ezkontza termometro sozial bat da Afganistanen, familia baten estatus soziala horrek neurtzen baitu: beren semeen ezkontzetan izandako gastuak. Semeenean, bai, gizonezkoen familiek ordaintzen baitute guzti-guztia.



SUAREN DESOHOREA

Familian jasotako tratu txarrek bultzatuta, edo behartutako ezkontza baten ondorioz, 14 eta 21 urte bitarteko emakume gazteak izan ohi dira beren buruaz beste egiten duten gehienak.

Erakusketako azalpenetan irakur daitekeenez, Afganistango Herat probintzian bada norbere bizitzarekin behin betiko amaitzeko teknika orokortu bat ere: bontzo eran norbere burua erretzearena. Emakume gazteek erregaia baliatzen dute horretarako eta, hain zuzen, hori izaten da medikuei frogarik garbiena eskaintzen dien aztarna.

Izan ere, familientzako sekulako desohorea da emakumeek beren buruaz beste egitea eta, beraz, sukaldean erre direla esaten dute publikoki.

UKABILA BELDURRARI

Gizarte afganistandarraren muturreko izaera kontserbadoreari aurre egiteko «belaunaldiak eta belaunaldiak» beharko direla diote Gervasio Sanchez eta Monica Bernabe argazkilariek, baina, zorionez, gero eta gehiago dira, horri aurre egin, eta beren bizitzan erabakiak hartzen ari diren emakumeak.

Shakila Ibrahim Khilen kasua da bat. 31 urte ditu, eta Afganistanen ikusle gehien dituen telebista kateko aurpegirik ezagunenetakoa da. 17 urte zituela, aitak talibanen gobernuko goi-kargu batekin ezkontzera behartu zuen, eta bigarren haurraz haurdun zegoela alargundu zen. Talibanen erregimenaren erortzearekin batera, aitak kazetaritza ikasteko baimena eman zion.

Shamsia Hassani ere bere pasioak mugitzen du. Afganistango grafitigile bakarretakoa da, eta Kabulen egindako tailer batek piztu zion horretarako grina. Teknika ikasi zuen, eta horretan dihardu 28 urteko emakumeak.

Humanitateen mundutik harago ere, bada Afganistan berri bat marrazten ari den emakumerik. Talibanen garaian aginduak betetzen ez zituztenei eskuak mozten zizkieten lekuan edo exekutatzen zituzten lekuan, Kabulgo kirol estadioan, futbolean aritzen dira, orain, emakumeak. Goi eta erdi-mailako familietako alabak dira, eta aurreikuspen handiak dituzte beren etorkizunei begira. Sarak, adibidez, 14 urte ditu eta eskolan ari da oraindik; han ezagutu zuen futbola. Nadia, berriz, 21 urterekin, unibertsitatean ari da Nazioarteko Harremanak ikasten.

Baloiaren atzetik bezalaxe, boxeoan ere ez zen, sekula, emakume afganistandarrik aritzen. Ez zen aritzen, talibanen erregimena erori arte, orduantxe hasi baitziren beren autodefentsa sendotuko zuen kirola bertatik bertara ezagutzen. Afganistango Boxeo Federazioan emakumeen saila sortzera ere iritsi ziren, gainera, 2012. urtea urrezko garaia izan baitzen emakumeen boxeoan: 30 inguru aritu ziren. Fauzia da boxeolari horietako bat; 13 urte ditu, eta argi dauka ez duela ezkondu nahi, ikasten jarraitu nahi duelako. Shabnamek, berriz, 19 urte ditu, eta afizioa ofizio ere bilakatu nahi du, izan ere, kirol hezkuntza ikasten ari da.

Historia horiek eta beste hainbat izoztu dituzte, Sanchezek eta Bernabek, beren objektiboekin. Bartzelonako Udalak finantzatutako egitasmoa Euskal Fondoaren laguntza jasotzen ari da, gainera, eta, Tolosan, urtarrilaren 7ra bitarte izango da erakusketa bisitatzeko aukera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!