Informatika eta transmisioa ardatz

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko abe. 23a, 10:00

EHUk, Samaniegok eta Orixek informatikaren muinean murgiltzea xede duen proiektu berritzailea dute eskuartean

Irakasten dugun heinean ikasten dugu gehien. Seneka pentsalariak zabaldutako latineko esaera honekin egin dute bat Tolosako Samaniego ikastetxeak, Orixe institutuak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultateak. Izan ere, eskuartean duten JolasmATIKA proiektuak informatika zientzia bezala ulertzea du helburu, baina baita ikasleak irakasle bezala aritzea ere.

Ikasleei informatika gerturatzea da proiektu berritzaile honen helburu nagusia, baina ez informatika teknologia soil bezala hartuta, komunikatzeko, jolasteko edota informazioa eskuratzeko gailu soil bezala, alegia. Hau da, ikasleek informatika zientzia bezala ulertzea nahi dute proiektuaren sustatzaileek. Proiektu berritzailea da, lehen aldiz egingo dena, eta gauzak ondo, zabaltzea nahiko luketena.

Proiektu pilotu honen beste erpina irakasle ariko diren ikasleek osatzen dute, «ikasmailen arteko ezagutza transmisioa bultzatuz», esan zuen aurkezpenean EHUko Informatika Fakultateko Edurne Larrazak. Horiek horrela, Samaniego eta Orixeko ikasle ohiak diren Informatikaren Ingeniaritza graduko bi ikaslek DBH 4ko 15 bat ikasleri emango diete tailerra eta hauek, LH6ko 75 bat ikasleri erakutsiko diete aurretik ikasitakoa. «Tarteka ordenagailuen bidezko jolasekin programatzen ibiliko badira ere, bestelako jolas, ipuin, eztabaida eta jarduerez osatutako tailerra izango da», nabarmendu zuen Larrazak. Informatikako ikasleek era berean, euren ezagutzan sakondu ahalko dute eta zeharkako gaitasunak hobetu ahalko dituzte. Proiektua urtarrilean hasiko dute eta 10 saio egingo dituzte.  


Informatika zientzia bezala
Orain arte eskoletan informatika tresna gisa landu izan dela azaldu zuen Larrazak eta honela azaldu zuen zer den ikasleek ikastea nahi dutena: «Badugu konputagailu bat eta horrek ematen dizkigun tresnekin gauzak sortu ditzakegu; testu dokumentuak, bideoak... Hori da tresnak ematen dizkigun aukerak, baina horren azpian zientzia zabal bat dago, matematikan oinarritzen dena. Izan ere, gauza horiek guztiak egin ahal izateko konputagailuaren funtzionamendura egokitu behar dugu. Berez konputagailua  arazoak ebazteko tresna bat da; zuk arazo bat baduzu, eta arazo hori ezaguna bada, hori konpontzeko tresna bat duzu, baina zure arazo hori konpontzeko tresnarik ez baduzu, garrantzitsua da konputagailuen funtzionamendua nolakoa den jakitea. Konputagailuek, gainera, muga batzuk dituzte, modu zehatz batean programatzen ditugu eta horren berri badugu badakigu arazo handi bat zati txikitan banatu behar dugula, izan ere, konputagailu batek ezagutzen dituen aginduak zehatzak dira, ezin zaizkio aginduak edonola eman».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!