Opera eta balleta zuzenean ikusi ahal izango dira, Leidorren

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko abe. 21a, 09:44

Irudian, Verdiren 'Il trovatore' operako une bat, Londresko Royal Opera Housen / BBC

Neguko kultur egitaraua aurkeztu dute, Kulturzale txartel berriarekin batera; bederatzi ikuskizun 40 euroren truke ikusi ahal izango dira, martxora bitarte

Negu hasiberriko kultur egitaraua plazaratu du Tolosako Udalak, Kulturzale txartel berriarekin batera. Ikuskizunen zerrendak piztuko du jakin-minik biziena, baina, 2016tik 2017rako trantsizioa kulturaz hornituko duen egitarauan, bada herritarren arreta deituko duen nobedade nagusi bat: opera eta balleta zuzenean proiektatuko dituzte, Leidor aretoan.

Nuria Carbonell kultura zinegotziak azaldu duenez, zaleek hainbatetan eskatutako eskaintza da zuzeneko proiekzioena: «Produktuaren maila ona ikusita, eta beste zenbait herritan duen arrakasta medio, Tolosan ere ikuskizun mota hori eskaintzea erabaki dugu».

Horrela, beraz, Londresko Royal Opera Houseko hiru emanaldiz gozatu ahal izango da, Tolosatik mugitu beharrik izan gabe. Urtarrilaren 31n izango da lehena, eta Giuseppe Verdiren Il Trovadore opera eskainiko dute Leidor aretoan. Bide beretik, otsailaren 8an, Wayne McGregor-en Woolf Works balleta proiektatuko dute eta, azkenik, opera batek biribilduko du zuzeneko emankizunen estreinaldia: martxoaren 30ean izango da, Giacomo Pucciniren Madame Butterfly operarekin. Guztiak ere 20:15ean hasiko dira, eta «Londresen bertan egotea bezalakoa izango da» Carbonellen arabera.

Zuzeneko horiez nahiz gainerako emanaldi guztiez gozatu nahi dutenei errentagarriago suertatuko zaie Kulturzale txartela eskuratzea: bederatzi ikuskizun 60 euroan ikusi ahal izango dituzte. Kultura zinegotziak azaldu du «ia 40 euroko deskontua» duela txartelak, eta jada salgai daudela, kultur etxean.

Kulturzale txartelaren bide beretik, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere kultura bonoa argitaratu du beste behin, aldi eta leku bakarrean erabiltzeko. Tolosako Kulturzale txartelarekin batera erosi ahal izango da, eta bi bonoek 40 euroko prezioa izango dute.

 

NEGUKO EGITARAUA

Urtarrilaren 14a, larunbata. 17:00etan, Mari Kizkur ikuskizuna Leidorren. Urtarrilaren 20a, ostirala. 20:30ean, Declaración de Guillermo antzezlana, Topic zentroan, Jose Kruz Gurrutxagaren eskutik. Urtarrilaren 27a, ostirala. 20:30ean, Oskarbi kantaldia Leidorren. Urtarrilaren 31, asteartea. 20:15ean, Giuseppe Verdiren Il Trovadore opera, Leidorren. Otsailaren 8a, asteazkena. 20:15ean, Wayne McGregorren Woolf Works balleta, Leidorren. Otsailaren 10a, ostirala. 20:30ean, Koadernoa zuri Leidorren, Hika Teatroaren eskutik. Otsailaren 17a, ostirala. Kaldereroetako kontzertua Topic-en. Martxoaren 10a, ostirala. Konpasetan, bidaia intimo bat emakumeen istorioetako zehar ikuskizuna, Topic-en eta Aranburun.

Martxoaren 17a, ostirala. 20:30ean, Jainko basatia antzezlana Leidorren, Txalo Produkzioen eskutik. Martxoaren 24a, ostirala. 20:30ean, Olatz Zugastiren kontzertua Topic zentroan. Martxoaren 30a, osteguna. 20:15ean, Giacomo Pucciniren Madame Butterfly opera, Leidorren. Martxoaren 31, ostirala. 20:30ean, Oskara ikuskizuna Leidorren, Kukai dantza konpainiaren eskutik.

* Herriko eragileek osatutako kultur agenda osoa, www.tolosa.eus-en kontsulta daiteke.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!