Kultur hiriburutza, tolosarren begietatik

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko abenduaren 18a

10 mila joan-etorri egitasmoak Tolosa izan zuen geltoki, atzo arratsaldean; abenduaren 29an Irantzu Lekuek osatuko duen artelan iragankorra osatuko dute, besteak beste, tolosarrek ekarpenekin. 

Donostia 2016 kultur hiriburutza biribiltzera doa, eta amaiera horren haritik sortutako egitasmoa da 10 mila joan-etorriak: Gipuzkoa osoko herritarren ekarpenak jaso nahi dituzte, urteak emandakoa, menditik itsasora bitarte, irudikatzeko. Gipuzkoako hamalau herritan izango dira Irantzu Lekue eta bere lantaldea, eta sen artistikoa askatzeko jarduerak egingo dituzte guztietan. 

Orexan izan ziren lehengoan, eta han zuhaitz bat marraztu zuten. Tolosan, berriz, musikaren askatasuna txoriekin lotu nahi izan du Lekuek. Ekarpen horiekin batera, herritarrek kristalezko botiletan beren ekarpenak egin ahal izango dituzte kulturari, arteari edo, besterik gabe, kultur hiriburutzak eman duenari buruz. 

Horrela, datorren abenduaren 29an artelan iragankorra osatuko du Lekueren lantaldeak, Donostiako Saguesen. Goizean prest izango da, eta gauerdira bitarte bertan izango da instalazioa. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!