Tolosa belaunikatu egin zaio, urteko azken azoka bereziari

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko abe. 17a, 16:02

Ez da plaza librerik geratu gaur, Tolosan, Gabonetako azoka bereziaren aitzakian; jaki, jantzi, jostailu, sendagai, barazki eta animalia saltsa izan da, jende uholdearen errudun. 

Eguna, eguraldia, tenperatura eta giroa. Faktore guztiek bat egin dute, gaur, Tolosan, Gabonetako azoka berezia, beste behin, urteko azoka jendetsuena bilakatzeko. Eguberrien atariak kolore berezi batekin margotu ohi du, beti, jaien atariko larunbat hau eta, gaur, margo horrek dirdira ere egin du. 

Alondegia plazan estreinakoz animaliak izan dira ikusgai, hainbat jakirekin batera. Haur eta gaztetxoentzat indar erakarlea izan da abereena, noski, eta zail suertatu zaie plaza hartatik mugitzea. Beotibar frontoiaren ondo-ondoan, ordea, gaurko azokako erreginak pasatu du goiza: txerriak, bere txerrikumeekin. Haur eta helduk ezin izan dute hure ikusi gabe etxeratu. 

San Frantzisko pasealekuan, artisau finenen produktuak izan dira eskuragarri, adin, bizimodu eta janzkera guztien neurrira. Artisauekin batera, gainera, pasealekua hartu dute hainbat gizarte eragilek ere, beren helburuen alde: Korrika, Tolosaldeko Giltzarria, Koku-yo, Aspace, Sare eta Kilometroak, besteak beste. 

Tolosarren ibilbide orria jarraituz, San Frantziskotik Trianguloa plazara sartzea erronka zail bilakatu da gaur, karpa nagusia jendez lepo izan baita, goizean goizetik. Eta, ez da gutxiagorako: gozotik zein gazitik bekatu handienei men egiteko moduko eskaintza elkartu baita bertan: estebeteak, gazta, errege opilak, turroiak, madalenak,...

Jaki horiekin gutxi ez, eta Gure Esku Dagoren Tolosaldeko Giltzarriak talo postua jarri du gaur, hamaiketako tentagarria eskainiz; galdeketa egin ahal izateko sinadurak ere bildu dituzte. 

Zerkausian, berriz, asteroko ekoizle eta postuek hartu dute goiza, eta Plaza Zaharrak zabaldu egin du Berdura plazako lore eta landare eskaintza. 

Eta, energia bide berri eta jasangarriak ere plazaratu dituzte, San Frantziskoren eta Lopez Mendizabal plazaren artean. 

Ekoizle, produktu eta postu horien guztien arteko zirrikituak dultzaina doinuz girotu dituzte, eta zalantzarik ez da: orduak motz geratu zaizkie herritarrei, azoka bereziko tentazio guztien aurrean aukeraketa egiteko. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!