Tolosa eta Uztaritzeren arteko senidetzearen aro berria, seinalitika berriarekin

Ataria 2016ko abe. 17a, 14:53

Tolosako alkate Olatz Peonek eta Uztaritzeko auzapez Bruno Carrerek bistarazi dute seinale berria, Tolosako herri sarreran.

Aurrez berdina egin zuten joan den azaroaren 23an Uztaritzen eta bertan izan ziren Tolosako udal ordezkariak. Gaur berriz, Lapurdiko herriko udal ordezkariak eta hainbat herritar gerturatu dira Tolosara ekitaldian parte hartu eta Gabonetako azoka bereziaren bueltan egun pasa egitera.

Tolosa eta Ustaritzeko udalek 1989an sinatu zuten senidetze hitzarmena, bi herrien arteko lotura bake eta adiskidetasunean sendotzeko eta elkarren arteko harremanak sortzeko arlo desberdinetan.

Hitzarmenak urte batzuk egin ditu dagoeneko, zehazki 27, eta bi udalek komenigarritzat jo dute hitzarmen hori gaur egungo errealitatera egokitzea. Euskal Herriko lurraldeen lankidetza eta kohesioa oinarritzat du hitzarmenak, biztanleen arteko harremanak sendotzeko, gure herriko errealitate ezberdinak ulertzeko eta ideiak, esperientziak zein proiektuak sustatzeko bi herrien artean.

Eguneratu berri den hitzarmenaren lehen fruitua izan da herri bakoitzeko sarrera-irteeretan seinalitika berdina ezartzearena. Olatz Peon Tolosako alkateak senidetze honen garrantzia azpimarratu du: “aberasgarria da oso. Jada egun, bi herrietako hainbat eta hainbat elkartek harremana dute, eta hori 89an abiatu zen senidetzearen ondorio izan da. Egun ere ikastetxeek badituzte proiektuak abian elkarrekin; azkena, memoriaren inguruan batera ikasleek egin duten lanketa”.

Aipatutako helburuak betetzeko eta era eraginkorrean jarduteko, herri bakoitzak bere batzordea antolatu du. Batzorde horretan herriko elkarte ezberdinek parte hartuko dute. Udalekin lan egingo dute, beti ere, parekatzeari dagozkion jardueretan biztanleen parte-hartzea sustatuz eta egindako harremanak iraunkortuz; hori baita bere helburua.

Herri eta parekatze batzorde bakoitzak gizartea, kultura, kirola, hizkuntza eta ekonomiari lotutako biztanleen arteko harremanak sustatu eta sostengatuko ditu. Udal zerbitzuek laguntza logistikoa emango diete parekatze batzordeei, abian jarriko diren neurriak lankidetza hitzarmen honetan finkatuak dauden neurrian.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!