Talentu ziztada bat matxismoari

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko abenduaren 17a

Hi haiz, hi! jaialdia ospatu zuten, atzo iluntzean, Tolosako batxilergoko ikasleek; Topic zentroa parekidetasunaren aldeko kultur lapiko bilakatu zen. 

Urteroko hitzordua da jada, eta urtez urtez indarra hartzen duena. Bai, behintzat, ekitaldia hasi aurreko jende ilarari begiratuz gero. Eta, ez da gutxiagorako, Tolosako lehenengo eta bigarren batxilergoko ikasle guztiek bat egiiten baitute, norbere ordezkariekin, Hi haiz, hi! ikuskizuna prestatzeko. 

Atzokoak izan zuen balletetik, izan zuzen euskal dantzatik, eta baita publikoa ia zutik jarri zuen funky-tik ere. Dantzatik harago, baina, emakume eta gizon gazteen ahots uztartzeak, hirukote eta gitarraren xarma, bakarka aritzearen ardura eta talde hasiberri baten grina eman zituen, Topic zentroko oholtzan, musikak. Aurkezleen lanarekin ahaztu gabe, noski, haiena izan baitzen oholtza antolatu eta kontatzearen ardura; tartean, Kattalin Miner eta Maialen Lujanbioren iritzi zutabe bana ere irakurri zituzten. 

Eta, oholtzakoa gutxi balitz, Beldur Barik film laburren lehiaketara Tolosatik aurkeztutako lanak ere proiektatu zituzten pantaila handian. 

Guztia, ezetz esateko: gazteek ere bestelako kale, parke, taberna, ikastetxe eta plazatan bizi nahi dutela esateko. Emakume eta gizon baino, pertsona izan nahi dutela aldarrikatzeko. Gizartearen gaitzik handienari, talentu ziztada bat emateko. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!