Askatasunaren ikurrari kantu

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko abe. 16a, 10:32

Azken udako solztizio kontzertuaren muina, 'Txoriei' lana izan zen. Egilea: IƱigo Royo

Et Incarnatus Orkestrak, Mixel Etxekoparrek eta François Rossék txorien doinuak hizpide dituen diskoa argitaratu dute; Txoriei an D'voeil. Asteartean aurkeztuko dute 20:00etatik aurrera, Tolosako Topic-en. Lagunez inguratuta aurkeztuko dute gainera. Xabier Montoia kantari eta idazleak bideratuko du ekitaldia.

Musika eta ornitologia, bat eginda. Txorien kantu eta doinuak disko baterako inspirazio iturri. Horixe da Et Incarnatus Orkestrak, Xiberoako Mixel Etxekopar txirulari, kantari eta bertsolariak eta François Rossè konposatzaile eta pianista frantziarrak eskuartean duten proiektuaren muina, argitaratu berri duten Txoriei an D’voeil diskoko abestien lotura, hain justu. Etxekoparrek eta Rossék Transhumantzia (2010) eta Aspaldian (2013) dituzte elkarrekin, eta Xiru jaialdian Txoriei konposizioa eskaini zuten, Et Incarnatus Orkestrarekin batera. Emanaldi horrek soka ekarri du beraz, eta tiraka-tiraka, asteartean 20:00etan Topic-en aurkeztuko duten diskoa ekarri du.

«Proiektu honi izenak eman dio izana», esan du Et Incarnatus Orkestrako Migel Zeberio zuzendariak. Ahozkotasuna eta idatzia lotzen dira lanean, Zeberiok esan duenez.



11 kanta bildu dituzte herrikoiak batzuk eta diskorako konposatutakoak beste batzuk, baina denek dituzte txoriak erdigunean. Bai instrumentuen bidez txorien kantuak iradokitzen dituztelako batzuetan, bai eta letrak horien inguruan aritzen direlako beste batzuetan. Rossé beraren, Angel Unzuren edo Juantxo Zeberioren lanak dira, besteak beste, entzun daitezkeenak, baita Laboaren Negua kanta ere.
Diskoa bera ornitologian aitzindari izan diren Ramon eta Jesus Elosegiri eskainia dago. «Ramon eta Jesus maila goreneko ornitologoak ziren, tolosarrak biak, eta Aranzadiko kideak. Askotan ez gara konturatzen inguruan zer daukagun. Leitzako Miel Mari Elosegi Luze biologoaren osabak ziren biak. Hegan abestiak bere hitzak ditu, hain zuzen», esan du Zeberiok.



Messian gogoan
Ez da kasualitatea txoriei eskainitako lana egin izana. Izan ere, François Rossé Oliver Messian konposatzaile ezagunaren ikasle izandakoa da. Messianek 60ko hamarkadan bere lanei
txorien kantuak txertatu zituen, lanetariko asko txorien kantuen ingurukoak dira, txorien kantuen entzule fina zen Messian eta horrek Rosséren lanean ere izan du eragina. Etxekopar musikariak ere aspalditik txertatzen ditu txorien kantuak bere abestietan.

Diskoa egiteko lagunez inguratu da Zeberio, «horiek gabe ezingo genuke lana atera», esan du. Diseinua Joseba Urretabizkaiak egin du, marrazkiak Elena Arresek, itzulpenak Emeterio Zaldibiak egin dizkio, zuzenketak Kike Amonarrizek...

Aipatu behar da era berean, diskoko liburuxka euskaraz eta alsazieraz dagoela, diskoko egileen ama hizkuntzetan, alegia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!