Manu Azkarate

Manu Azkarate tolosarra atxilotu dute Marsellan

Ataria 2016ko abenduaren 14a

Manu Azkarate tolosarra atxilotu du Frantziako Poliziak Marsellan (Frantzian).

1985etik 1992ra kartzelan egon zen Azkarate, baina baldintzapeko askatasunean irten zen, gaitz larri baten ondorioz. 

2004an baldintzapeko askatasuna baliogabetu zioten, eta berriro espetxeratu zuten, Martuteneko espetxera lagun bat bisitatzera joan zenean. Manifestazioen eta mozioen bidez, Azkarateren askatasuna eskatu zuten herritarrek eta hainbat eragilek. Epaileak pultsera telematikoa jartzea eskatu zuen, baina hori ekiditea lortu zuen Azkaratek. 2004ko ekainaren 17an aske utzi zuten.

2012an, orduan ezarritako baldintzak hautsi izana leporatu zioten. Urte hartako martxoan, Espainiako Auzitegi Nazionalaren euroagindu baten ondorioz atxilotu egin zuten Ziburun (Lapurdi).

Elkarretaratzea, atxiloketa salatzeko

Elkarretaratzea egin dute asteazken arratsaldean Azkarataren atxiloketa salatzeko. Bertan, Manu Azkarateren anaiak hitz egin du, eta adierazi du Marsellako polizia-etxean dagoela Azkarate: "Espainiako Gobernuak euroagindu bat ezarri du bere aurka, eta datozen egunetan ikusiko da zer gertatuko den".

Bitartean, mobilizazioekin jarraituko dute: Trianguloan biltzeko deia egin dute ostegunean eta ostiralean, 19:30ean; larunbatean, berriz, mobilizazioa egingo dute 11:30ean, Tolosako Triangulotik abiatuta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!