2017ko aurrekontu proposamena jaso ez izana salatu du Tolosako EH Bilduk

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko abe. 13a, 15:06

Oposizioaren ustez, "abendu hasierarako" proposamenak aurkeztua behar zuen; "ezinbestekotzat" dute aurrekontu adostuak osatzea.

2017ko aurrekontuen proposamenik jaso ez izana gaitzetsi du Tolosako EH Bilduk, ohar bitartez. Aurreko legealdian lan hori "abendu hasierarako" eginda egoten zela argudiatu du oposizioak, gainera: "Modu horretan, udalbatzako alderdi guztiek nahiz herritarren aurrekontua ondo aztertu eta proposamenak egiteko aukera zuten, onartu aurretik".

Amaitzera doan urteko aurrekontuari ere erreferentzia egin dio EH Bilduk: "Udal gobernuak iaz aurrekontua aurkeztu zuenean, 'trantsiziozkoa' zela azaldu zuen eta, tamalez, ez zuten guk egindako proposamen bakar bat ere onartu", diote oharrean. Horrela, beraz, 2016. urte politikoa "inprobisazioz jositakoa" izan dela uste du Tolosako EH Bilduk.

Udaleko urte berria "bide okerretik" hasiko dela ere aurreikusi dute, bi arrazoi nagusi ikusten baitituzte, aurrekontu proposamenik jaso ez izanaren atzean: "Bata izan daiteke udal gobernuak aurrekontua oraindik itxi gabe izatea, eta, bestea, berriz, aurrekontua egina izan arren, informazioa ezkutatu nahi izatea. Edozein kasutan, egoera hori onartezina da".

Horrenbestez, Tolosa "guztion artean hobetu eta eraiki" behar dutela nabarmenduz, "elkarlanerako jarrera" azaldu nahi izan dio EAJ eta PSE-EEren udal gobernuari. Herritarrei begira, berriz, ohartarazi nahi izan dute "zaila" izango zaiela "herritarrentzako zerbitzuak hobetuko dituzten proiektuak aurrekontuan txertatzea".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!