6.000 euro banatuko ditu, saritan, Tolosa&Co elkarteak

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko abe. 13a, 09:10

Gabonetako kanpaina iragarri zuten atzo, Topic zentroan, merkatari eta ostalarientzako galaren aurretik.

Lan-dinamika eraberritu du Tolosa&Co merkatari eta ostalari elkarteak, eta zuzendaritza formatutik lan-talde formatura aldatu dute kudeaketa. Horrela, Eguberrietako kanpaina asteburu honetan bertan abiaraziko dute, kaleko ekitaldiekin.

Gabon egunak girotu eta bertako komertzioa sustatzeko modua izango da kultur ekitaldiena, baina, horrekin batera, "izarrez beteriko Gabonak" izango direla azaldu zuen, atzo, Beñat Led lan-talde kudeatzaileko kideak. Izan ere, 6.000 euro banatuko dituzte saritan, Tolosako denda eta tabernetako bezeroen artean.

Batetik, Tolosa&Co Visa txartelaren erabiltzaileei poz txiki bat eman nahi diete eta, horretarako, produktu gastronomikoz osatutako 50 saski zozkatuko dituzte, erosketak Visa txartel horrekin ordaintzen dituztenen artean. Sustapen hori azaroaren 22an hasi zen, eta datorren urtarrilaren 22ra bitarte, sariak izango dira datafonoetan ezkutatuta.

Bigarrenik, 100 euroko 60 sari banatuko dituzte, abenduaren 9an hasi eta urtarrilaren 5era bitarteko kanpaina berezian. Urteroko bidetik, bezeroei txartel batzuk banatuko dizkiete merkatariek, norbere datuak bertan idazteko. Txartel edo papertxo horiek dendetako kaxetan sartu beharko dituzte herritarrek, urtarrilaren 11 baino lehen, eta zozketa urtarrilaren 12an izango da, 12:15ean, Tolosa&Co elkartearen bulegoan.

Datozen asteotako erosketak Tolosan egitearen abantailak aurkeztu eta gero, Topic zentroko aretoan bertan hitzordua zuten, Tolosako merkatari eta ostalarien, Tolosa&Co-ren galaz gozatzeko. Zerbitzuen sektoreko dozenaka langile elkartu zen eta, horiekin batera, udaleko ordezkari politikoak, Olatz Peon alkatea, Gipuzkoako Merkatarien federazioko ordezkariak eta Merkataritza Ganberako kideak ere bertaratu ziren, merkataritza txikiaren aldeko ekitaldira.

 

Paperean eta pantailan

Eguberrietako kanpainari forma eta kolorea ematen ere ahalegindu da Tolosa&Co, eta horren erakusle dira, atzo bertan plazaratutako aldizkari berezia eta bideoa. Lehenak Gabonei begirako informazioa eskainiko die tolosarrei, hainbat elkarrizketa eta daturekin batera.

Bigarrenak, berriz, Tolosako denda txikietan erostearen balioa helarazi nahi izan die ikusleei, merkatari nahiz bezeroek elkarren beharra dutela azalduz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!