Irango ametsak azalera

Zahra Sabri artista irandarraren erakusketa ikusgai dago Topic-en 2017ko martxoaren 5a arte. 'Irango ameslari bat' du izena, eta «Iran herrialdearen edertasuna erakustea» da bere helburua. Zortzi ikuskizun ezberdinetako txotxongiloak daude bertan, eta Irango istorioak dituzte oinarri gehienek.

Nola amesten ote dute Iranen? Zer amesten ote dute bertako haurrek? Norekin? Zein ote dira bertako istorioen protagonistak? Galdera horien erantzunak ekarri ditu Zahra Sabri irandar artistak Irango ameslari bat erakusketan. Zahra Sabri da erakusketa horretako zuzendaria, gidoilaria eta artista plastikoa. Irandarra da bera, Yase Tammam txotxongilo konpainiaren sortzailea. 2017ko martxora arte egongo da zabalik erakusketa munduko txotxongiloen etxe handienetakoan. 

Erakusketa honen helburua da «erakustea Iran herrialdearen edertasuna» eta konpainia horren lan «bikaina». 1990ean sortu zen honako konpainia eta mundu guztian arrakasta handia lortu du. Sari asko ere lortu dituzte beren ikuskizunek: 2009an, Pragako Txotxongilo Antzerki jaialdian lehen saria eskuratu zuen; ohorezko aipamena ere lortu zuenVarsoviako Helduentzako Animaziozko Film eta Txotxongilo Antzerkiaren Nazioarteko jaialdiaren 10.edizioan.

Zahra Sabrik ia hamazazpi urtez egin du lan zuzendari, eszenografo eta txotxongiloen diseinatzaile gisa. Ez da erraza izan, ordea, bere ibilbidea: «Benetako heroi bat da, txotxongiloaren munduko borrokalari bat», adierazi du Idoia Otegi Topic-eko zuzendariak. «Iranen txotxongilolariek ez daukate aritzeko aukera handirik; txotxongiloekin egindako antzerkiak ez daude debekatuta, baina ez dira antolatzen. Bi urtean behin egiten den jaialdia da artisten erakusleihoa», azaldu du Otegik. «Gaur egun lanean ari dira hori aldatzeko, baina hori da egoera oraindik. Horregatik, Zahra Sabri benetako rara avis bat da, beren lanari eusteaz gain, ikuskizun interesgarriak antolatu dituen artista gutxietako bat».

Artistaren eta Topic-en arteko lotura estua

Sabriren eta Topic-en arteko lotura ez da berria. 2011n, The Earth and The Universe lana aurkeztu zuen Topic zentroan: «Lan horren magiak eta poesiak liluratu egin zituen emanaldia ikustera etorri ziren guztiak», adierazi du Topic-eko zuzendariak. Gero, «eskuzabaltasun handiz», Iranen tradizionalak diren harizko txotxongiloen sorta bat egin eta Topic-i oparitu zion. Topic-ek bere artean zuen ordurako Politxilinelaren ibilbideak erakusketa, eta erakusketa horren parte bihurtu zen Irango txotxongiloekin osatutako erakusketa ere.

Zortzi ikuskizunetako txotxongiloak ikusgai

«Istorio oso gogorrak dira, eta ikuspuntu poetiko eta literarioa daukate», adierazi du Maria San Sebastian erakusketako arduradunak. San Sebastianek adierazi duenez, «erakusketaren eszenografia asko landu da, hau da, txotxongilo bakoitzaren lekua asko zaindu dugu». Erakusketan bi ikuskizunetako txotxongiloak ikusi ahal izango dituzte. Batetik, Kheimeh Shab Bazi izeneko ikuskizun tradizionaleko txotxongiloak ikus daitezke; ikuskizun horretako heroia da Mobarak. Horretaz gain, berak egindako beste sei ikuskizunetako txotxongiloak ere ikus daitezke erakusketan. Ikuskizunak ez dituzte zuzenean eskaintzen, baina proiektorean ikus daitezke horietako bi erakusketaren gelan bertan. Zortzi une ikuskizuneko txotxongiloak ikus daitezke, esaterako. Mundu osoko zortzi idazle ezezagunek idatzitako zortzi ipuinez osatutako ikuskizuna da. «60 txotxongilok osatzen dute ikuskizuna. Nerabe eta helduentzat zuzendutako ikuskizuna da, eta Teherango (Iran) X. Nazioarteko Txotxongilo Jaialdian estreinatu zen. 30 emanaldi egin dituzte guztira Teheranen, Pragan eta Istanbulen.

Irango artista izanik, bere herrialdeko ikuskizunetako txotxongiloak ere ikus daitezke erakusketan. Hain zuzen ere, Sabrik berak diseinatutako Tooti Par ikuskizuneko txotxongiloak ere ikus daitezke Topic zentroan. Ikuskizun hori Molana Rumi artista irandarraren Loroa eta merkataria ipuinean oinarritutako ikuskizuna da: «Arrain bat hainbat aldiz saiatu da arrainontzitik irteten. Itsasora iritsi nahi du, baina barrura eramaten dute beti. Egun batean, haizeak Rumiren Masnabiko istorio bat kontatu dio, Loroa eta merkataria izenekoa. Istorio horretan, loro batek hildako baten itxurak egin ditu aske izateko. Arraina gauza bera egiten saiatu da, baina...». Ikuskizun horretako txotxongiloek oso hatz txikiak dituzte, eta ez dago testurik, musika soilik.

Lurra eta unibertsoa ikuskizuna da Iranen sortutako bigarrena. Rumi poetak idatzitako zazpi ipuinetan oinarritutako ikuskizuna da: istoriorik luzeena Moses eta nekazari bati buruzkoa da. Hain zuzen, ikuskizun horretako txotxongiloen ezaugarririk adierazgarrienak dira aurpegian dituzten ispilu zatiak, eta horiek Jainkoaren presentzia islatzen dute. Txotxongilo guztien koloreak, baita behiarenak ere, zeruaren kolorekoak dira: urdina, grisa eta zuria. Hainbat herrialdetan antzeztu dute ikuskizun hori: Frantzian, Alemanian, Errusian, Indian, Polonian eta Kazakhstanen, besteak beste. Kalitate handiko erakusketa da, eta hainbat sari irabazi ditu: Pragako Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiko lehen saria lotu zuen 2009an eta Poloniako Txotxongilo Artearen Nazioarteko Jaialdiko sari nagusia eskuratu zuen 2012an.

Ameslari izatearen ezaugarria «gehien» ikusten da XI. eta XII. mendeetako Khayyman poeta irandarraren Zenbatu bat arte ikuskizunean: «Aberria galdu duten hiru soldaduk alde egin dute bonbardatu behar zuten hiritik. Mehatxu egin zieten suntsitu egingo dituztela esanez, agindutako zeregina betetzen ez bazuten. Euria hasi da, eta gotorlekua eraikitzeko buztina disolbatu egin da. Beste erabilera bat emango diote buztin horri, poztasunez eta esperantzaz betetako erabilera». Hain zuzen, txotxongilo guztiak buztinarekin eraikitakoak dira. Iranen, Errusian, Portugalen, Alemanian, Suedian eta Polonian, eta Sormenaren saria lortu zuen Poloniako Helduentzako Txotxongilo eta Animazioko X. Nazioarteko Jaialdian.

Federico Garcia Lorcaren Bernarda Albaren Etxea ikuskizuneko txotxongiloak ere ikus daitezke Topic-en. Kolore bereko eta forma bereko 70 txotxongiloek osatzen dute emanaldia: «Ez dute ez begi, ez sudur ez eta ahorik ere. Bere oihalak monjeen eta jantzi espainiarren arteko konbinazioak dira». Txotxongilo guztiek bularrera josita dituzte eskuak. Iranen eta Erresuma Batuan antzeztu zuten emanaldia, 2010ean eta 2012an, hurrenez hurrez.

Ama kementsua eta haren seme-alabak da bere azken ikuskizuna. Bere hiru haurrez gain, soldadu batzuk ere parte hartzen dute emanaldian: ez dute eskurik, ez eta zapatarik ere. Hanka handiak dituzte eta intxaur baten azalarekin egindako txapelak dituzte.

Ametsetatik oholtzetara

Erakusketaren izena Irango ameslari bat da, eta ez da kasualitatea. Ameslari izena artistaren abizenetik dator. «Mundu osoak ezagutzen ninduen Zahra Sabri moduan. Beti falta zen nire abizeneko zati bat nire izena esaten zutenean: Khyali. Hitz horrek ameslaria esan nahi du», azaldu du artistak. «Nire lagunek ez zekiten horren berri nire ikuskizunak oholtza gainean eskaintzen hasi nintzen arte», azaldu du. «Momentu horretan hasi ziren nire burua ameslaritzat hartzen».

Bere ametsak oholtza gainera eraman ditu Sabrik txotxongiloen bitartez. Urte askotan entzundako istorioek eragindako sentipenak eta pentsamenduak azaleratu ditu txotxongiloekin osatutako ikuskizunen bitartez. Atearen parean jarri eta parez pare ditu bisitariak harizko pertsonaiak. Iluntasunean murgildu da; ametsetatik errealitatera jauzi egiteko tenorea da. «Goza dezazuen espero dut».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!