"Diskoak nigan sinisten lagundu dit"

Mikel Iraola 2016ko abe. 7a, 09:47

Laukotea osatu du Jon Urbizuk beste hiru musikari eta lagunekin: Iker Pando, Mariano Hurtado eta Antton Telleria. Adi da taldearen eta diskoaren izena. «Taldearen izenak badu zerikusia nire bizipenekin», esan du Urbizuk.

Ez da erraza lagun baten aurrean eseri eta elkarrizketa bat egitea, are gehiago bere inguruan esan daitezkeenak baino gehiago jakinda. «Lasai, ez dut ezer ezkutatzeko. Den-dena kontatu nahi dut», dio grabagailua martxan jarri aurretik.

Izan ere, Jon Urbizuk (Tolosa, 1991) hamaika arazo eta buruhauste izan ditu 25 urtetan. Arazoak arazo, eta buruhausteak buruhauste, saxofoi ikasketak burutu eta ibilbide profesionala abiatzeko gai izan da. Testuinguru horretan kokatu nahi du Urbizuk bere lehen lan pertsonala. Beste hiru lagunekin taldetxoa osatu eta laukotearen izen bera daraman bost kantuko diskoa argitaratu berri du: ADI.

Ez da estudioan izan zaren lehen aldia. Baina bai lehena bakarlari gisa. Zein ezberdintasun topatu dituzu batetik bestera?
Aurrez Bonberenea Txarangarekin behin baino gehiagotan grabatu izan dut, eta ezberdintasun handiena izan da jende asko egotetik gutxi izatera pasatzea. Taldean jotzean ongi jo behar duzu, baina oraingoan beste ardura bat nabaritu dut, zeure doinua beste edozeren gainetik nabarmentzen baita. Jotzerako orduan ere oso ezberdina izan da.

Presiorik nabaritu al duzu?
Jotzerako orduan ez. Ikasitakoa praktikan jarri besterik ez dut egin. Zaila izan da, baina ongi ikusi dut nire burua lanean. Ondo sentitu naiz, argia ikusi dut.

Argia ikusi, zein zentzutan diozu? 
Arreta urritasuna eta medikuek zehazki zer zen jakin ez zuten beste desoreka bat diagnostikatu zizkidaten. Gaizki, erabat aldrebestuta ibili naiz denbora luzean: umore txarrez egunero, uneoro buruari eragiten, sentsazio arraroekin, eta gauzak ez ziren bezala ikusiz. Ideiak ez nituen garbi. Garai horretan iluntasunean bizi izan naizela diot, eta orain askoz hobeto sentitzen naiz. Argia ikusi dut, baina badut zer hobetu oraindik.

Musikak, eta disko honek bereziki hobekuntza horretan lagundu dizute?
Argi dago baietz. Gaizki nengoenean pentsatzen nuen denbora luzez egon beharko nuela horrela. Buruari aurrera egin behar dela esaten ikasi dut. Musikak zentzu horretan asko lagundu dit. Orain oso harro nago disko hau egin dugulako. Nire lehen lana da. Uste dut izan dela disko terapeutiko edo medizinal bat. Nigan sinesten lagundu dit, pauso handi bat eman dut. Era berean, lagunei eta familiari eskertzeko modu bat ere bada. Asko lagundu naute, eta orain baloratzen jakin dut laguntza hori. Beraientzako omenaldi bat ere bada diskoa.

Hain zuzen, duela bi urte 'Tolosaldeko Ataria'-k egindako elkarrizketa batean zenion ez zenuela zeure burua bakarlari gisa ikusten. Eta orain, aldiz, hemen zaude, disko batekin besapean. 
Hori da froga argi bat ikusteko gaizki nengoenean ez nuela nire buruarengan sinesten. Egin ezin nezakeela uste nuen hori egin berri dut, eta autoestimuari begira, asko laguntzen du horrek. Gaur da eguna naturaltasun osoz esan behar dudana mundu honetako beste pertsona bat gehiago naizela, gaizki pasa dudala baina garai horiek atzean utzi ditudala.

Diskoari helduz, orain arte izan dituzun bizipenak islatzen saiatu zara, ezta?
Bai, bai kantuetan, baita diskoko liburuxkan ere. Xabi Goya lagunak egin ditu marrazkiak, burutik pasa izan zaizkidan pentsamendu eta sentimenduak bilduz: iluntasuna eta argitasuna, beltza eta txuria... «Zerk oztopatzen gaitu argitasunaren aldera?», dio irudiak, erantzunak topatu nahian. Taldearen izenak ere badu zerikusia nire bizipenekin, hain zuzen arreta urritasunagatik. Hortik dator Adi, adi egotetik.

Eta musikari dagokionez, zer topatuko du entzuleak?
Disko esperimentala da. Rock, reggae, blues edo musika afrikar arrastoak dituzte abestiek. Orduak pasa ditut YouTuben, irratian edo diskoen bidez musika entzuten, eta melodia horietako asko buruan nituen etengabe. Orain, gaizki egon naizen garaiko melodia esanguratsuenak kanporatzen saiatu naiz.

Baduzu kanta kuttunen bat?
Laugarrena, Ilunegi. Kanta nahiko tristea da, gaizki pasa nuen aroa islatzen duena. Jendeari irribarrea ateratzea gustukoa izan duen horietakoa izan naiz beti, baina bizitzak aldatu egiten zaitu batzuetan, eta orain triste samarra naiz. Kantuak hori islatzen du eta oso gustura geratu naiz.

Saxofoi baritonoarekin grabatu duzu diskoa. Zer dela eta?
Baritonoa ez da ohikoena. Arraro puntu bat ere badu. Argi nuen zerbait ezberdina nahi nuela nire lanean, eta horregatik aukeratu nuen. Saxofoi altuarekin ere grabatu ditut ahots batzuk. Erabat gustura nago emaitzarekin.

Baritonoarekin grabatzea ere beste handikap bat izan da?
Noski, dudarik gabe. Izan da beste modu bat nire buruari erakusteko baietz, egin ahal dudala. Geure burua ere maitatu behar dugu.

Beste hiru musikariren laguntza ere izan duzu.
Musikari eta lagun. Iker Pando gitarrarekin, Mariano Hurtado baxuarekin eta Antton Telleria bateriarekin. Hirurek asko lagundu naute, ekarpen ugari egin dituzte. Oso gustura aritu naiz beraiekin lanean.

Laguntza hitza aipatuta, uste duzu zure esperientziak balio lezakeela antzeko arazoak dituzten pertsonei laguntzeko?

Noski, aurrera egiteko aukera bat izan daiteke. Gogoa baduzu, interesa jarriz gero, guztiok dugu aurrera egiteko gaitasuna. 

Duela bi urteko galdera bera errepikatuz, non ikusten duzu zeure burua etorkizunean?
Adi taldearekin jarraituko dut. Lan berriak prestatu nahi ditugu, eta kontzertuak ematen hasiko gara errepertorioa gehiago osatzen dugun unean. Klaseak ere ematen ditut eta irakaskuntzan murgiltzea gustatuko litzaidake. Hortik aurrera sortzen denari aurre egiten saiatuko naiz. Oraindik ez dut nire burua ikusten jazz garbia egiten eta inprobisatzen. Horretarako lan asko dut egiteko oraindik, baina bada erronka bat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!