Kawasaypa yanaparishun

Jexux Murua 2016ko abe. 7a, 09:30

Bizitzeko lagun gaitezen esatera dator eta kitxua hizkuntzan dago esana. Ezin hobeto adierazten du astelehenean Tolosako kultur etxeko areto nagusian bildu ziren berrogeita hamar lagunen artean indartu zen sentimendua.

Galtzaundi euskara elkarteak gonbidatuta etorri ziren Gabriel Vazquez nahualt mexikarra, Pacôme Donvide bariba benindarra, Jose Angel Koyoe maia-yukateko mexikarra, Maria Venancia Yanbera kitxua ekuadortarra eta Viviana Gonzalez nasa kolonbiarra. Hauek guztiak beste hizkuntz komunitate gutxitu batzuetako hainbat kiderekin batera, Garabide Elkarteak eta Mondragon Unibertsitateak antolatutako Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak ikastaroa egiten ari dira eta irailaz gero gure artean daude eginkizun horretan Euskal Herrian garatu dugun esperientzia ezagutzen, eta beren bizibideak gurekin eta beraien artean partekatzen; honen guztiaren berri xehatua eman genuen ATARIA-n azaroaren 30eko alean.

Kike Amonarrizek egin zuen anfitrioi lana, dotore egin gainera, eta Jon Sarasuak, Garabideko kideak dira biak, jarri zizkien puntuak gonbidatuei. Hiru puntu, eta hirurak «zer» zuten abiapuntu: Zer egoera du zuen hizkuntzak? Zer ikusi edota ikasi duzue hemen? Zer jar dezakezue abian zuenean?

Bost gonbidatuen hitz eta testigantzek desberdinak izanik ere, antzekotasun handiak zituzten aldi berean. Lau ideiatan labur daitezke: orain bi-hiru belaunaldi jatorrizko hiztun komunitateko kideek ez zekiten atzerritik etorri eta inposatutako hizkuntza eta gaurko gazteek ez dakite bertako hizkuntza eta dakiten askok ez dute erabiltzen, ez dute erabili nahi; gizarteko sektore txiroarekin lotzen dira hiztun komunitate hauek, guraso gaztigatuek transmisioa ukatu diete beren seme-alabei eta gazteek hizkuntza hegemonikoek eskaintzen dieten gizarte garaikidea desio dute; baina hizkuntza galtzen badugu berarekin batera galduko dugu guretzat oinarrizkoa den bizi-ikuspegi espiritual osoa, kosmobisioa, eta folklore hutsa bihurtuko zaigu hau; eta bagaude batzuk egoera hau itzularazi nahi dugunak eta horretarako erremintaz jabetzera etorri gara hona.

Arazoa komuna izanik ere, errealitate bakoitza partikularra dela eta erreminta berak ez duela denetarako balioko denek onartzen duten printzipioa izanik ere, denek abiapuntutzat dituzten bi kontzeptu eta jardunbide nabarmendu ziren atzo beren ahotan: kontzientziazioa eta hezkuntza. Herritarrak kontzientziatu behar du hizkuntzaren galerak suposa dezakeen hondamendiaz eta, legeak eskura jartzen dizkigun zirrikituak baliatuz, aukera berriak sortu eta jarrera aktiboa hartzera bideratu behar dugu; eta eskolatik hasi behar dugu: irakasleak gaitu eta ikasmaterialak eta egiturak sortu behar ditugu transmisioa eta kultura aniztasuna ziurtatzeko.

Gurean, Euskal Herrian, ikusi dutenez hitz egitean, hizkuntza biziberritzeko sortuak ditugun egiturekiko harridura agertu zuten behin eta berriz, eta baita gizarte eragile eta erakundeen arteko lankidetza giroagatik ere. Baina Maria Venanciak, kontzientziazio arazoaz ari zela jarri zigun puntua, esan zigunean ohartu zela halako ikastolako ikasleak gelaz kanpo ez zirela euskaraz aritzen.

Entzuleen esker oneko hitzak, eskualdean bizi diren gizon saharar eta emakume ekuadortar batenak tartean, ekarpenak, galderak eta iritzi truke labur bat izan zen gero. Antzematen zen, distantziak distantzia, eta egoerak egoera gauza asko partekatzen dugula, inor ez gaudela bertan goxo geratzeko moduan, eta hiztun komunitate txikiok elkarren arteko babesa behar dugula. Geure burua ezagutzeko moduko ispiluaren aurrean jarri gintuzten askotan.

Hiztun bakoitzak beren jatorrizko hizkuntzan agurtu gintuen hasieran, baina gero gazteleraz jardun genuen ia erabat, han geunden denok elkar ulertzeko aukera ematen zigun hizkuntza zelako. Pentsamendu hau buruan egin nuen etxerako bidea. Gaztelania lehenaz gain gehiago maite nuela aitortzera iritsi nintzen, jatorriz desberdinak ginen hizkuntzakoei elkar ulertzeko aukera eman baitzigun. Lagun on bat bezala sentitu nuen, gogotik errespetatzen dudan lagun oso on bat bezala. Hizkuntzak baina hiztunek egin eta erabiltzen ditugu, eta ez beti asmo onez eta bestea errespetatuz, gutxi batzuk inoiz ez. 1950 urtetik ona 230 hizkuntzatik gora galdu dira munduan eta azkartzen ari da joera. Baina kontu hau beste larre bateko belar amitza da.

Aniztasuna bada unibertsala, gu geureari bizirik eusteko ahaleginean ari garen txikiok ez gara mesede makala egiten ari hizkuntza eta kultura unibertsoari. Kawsaypa yanaparishun, hau da, bizitzeko lagun gaitezen. Bizitzeko!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!