Tolosa zesta puntako hiriburua izango da ostegunean

Ataria 2016ko abe. 5a, 16:43

III. Elola Memorialaren finalak jokatuko dira 11:00etatik aurrera Beotibar frontoian. Xistera zirkuituaren barruan kokatzen da Tolosako txapelketa.

Tolosako alkate Olatz Peonek, Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako presidentea Patxi Jauregik eta Xistera elkarteko lehendakari Ibon Urreistik eta Tolosako Beotibar zesta punta elkarteko ordezkari Fernando Elolak aurkeztu dute ekitaldia.

Osteguneko finalaren antolakuntzan parte hartu duten eragileen lana eskertuz hasi du agerraldia Peonek eta gogoratu du Babarrunaren festaren barruan ospatu zirela final-laurdenak, Euskararen Egunaren ingurumarian finalerdiak eta ostegunean, Txuletaren festaren egitarauaren barruan jokatuko direla finalak.

Lehiaketa hau Jose Inazio Elola zesta puntistaren ibilbideari omenaldi bat egiteko antolatu zen, "aitortza bat egiteko zesta puntari eskainitako bizitza oso bati. 22 urtez izan zen profesionala eta bere bizitza izan ziren zesta punta eta frontoia", esan du alkateak. Duela 28 urte, 1988an sortu zuen Beotibar zesta punta elkartea eta Peonen hitzetan, "afizioa nahikoa baretua zegoen garai bati buelta emate lortu zuen. Ordutik hona ehunka pilotari pasa dira eskolatik. Kirolariak hezten jardun du eta zesta puntaren berme bihurtu da Tolosako eskola".

Beotibar elkarteko kide eta Jose Inazio Elolaren seme Fernando Elolaren ustetan bere aita zenak kirolari bezainbeste garrantzia ematen zien kirolaren balioei: "Pilotarien artean zegoen errespetua, publikoarekikoa eta azken batean, norberarekiko errespetua irakatsi zien eskolatik pasatako gazte guztiei". Gaur egun 30 pilotari inguru dabiltza zesta punta elkartean eta haiei ere "ez bakarrik lehiaz, bideaz goza dezaten" irakasten diete. Aitak eskola sortzerako orduan izan zuen ilusio hori mantentzea "guztion erantzukizuna" dela nabarmendu du Fernando Elolak.

Xistera proiektua, hazten

Ibon Urreisti, Xistera elkarteko lehendakariaren ustez ere, pilota modalitate honen atzean balore asko ezkutatzen dira: auzolana, elkarlana, musu-truk aritzea... "Osteguneko pilota partidak emaitza baino ez dira, aurretik harrobia lantzen eta belaunaldi berriei erakusten lan handia egiten da". Euskal Herriko xistera kluben kirol kluban Hegoaldeko, nahiz Iparraldeko pilota elkarteak biltzen dira eta Urreistik azpimarratu duenez, "hasiak zaizkigu galdezka baita Bartzelona eta Bordeleko klubak ere".

Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzatik bultzatutako proiektua da Xistera elkartea. "Gure modalitate maite honi, munduan hain ezagun egin gaituenari bultzada bat emateko garaia da", federakuntzako presidente Patxi Jauregiren ustez, "bizkarra arrimatu eta denok bide beretik lan egiteko unea da". Euskal Herri osoko klub guztiak elkarte batean biltzearen garrantzia azpimarratu du Jauregik.

Ostegun goizean jaialdia

Jaialdiko lehenbiziko partidaren protagonistak Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarra, Nahia Calvo berriatuarra, Eneritz Lizardi mutrikuarra eta Naroa Merino donostiarra izango dira. Lau gazte hauen txapelak hamabost tantotara jokatuko duten partidan erabakiko dira, 11:00etatik aurrera. Urreistik arreta jarri du emakumeak ikustarazteko Xistera egitasmoan egiten duten lanean: "zoritxarrez, berezkoa beharko lukeenari protagonismoa eman behar diogu oraindik. Sustapen arloko eta kirol batzordeko arduraduna lan bikaina egiten ari da neskekin eta etekinak ikusiko dira epe luzera. Haziak fruituak ematen ditu".

Ondoren, gazte mailako txapelak jarriko dira jokoan. Bertan, Markina-Xemeingo Goitiak eta Jon Mandiolak Nafarroatik etorritako Cabanillaseko Labiano eta Noaingo Oskar Aguasen kontra borrokatuko dute. Oso lehia ikusgarria espero da, finalerdian bi taldeek itxura bikaina eman zutelako.

Hirugarren partidan, nagusien mailan, larunbateko finalerdiko kiniela irabazi zuten Unai Alberro gipuzkoarra eta Julien Ihitsague lapurtarra Donostia eta Zumaiako klubeko Narbarte eta Urangaren kontra neurtuko dira.

Bi norgehiagokak seten sistemapean jokatuko dira, gazte mailan, hamahiru tantora, eta nagusi mailan, hamabostera. Berdinketa egonez gero, berdinketa hausteko bost tantorako joko bat izango da. Xistera zirkuituaren barruan kokatu dute III. Elola Memoriala eta hitzordu hau berezia da, abenduaren 17an Markina-Xemeinen ospatuko den finalen finalaren aurrekoa izango baita.

Telebistaz ikusgai

Tolosako kantxan iragarrita dauden hiru neurketak streaming bidez emitituko dira zuzen-zuzenean, www.xistera.eus web orrian eta bere Facebook eta Twitterreko profilen bitartez. Era berean, ETB4k diferituan emango ditu lehia hauek.

"Ikusgarritasuna eta azkartasuna" aipatu ditu Tolosako alkateak zesta puntaren ezaugarri nagusi bezala eta herritarrak eta ingurukoak animatu ditu Beotibar frontoira azaldu daitezen ostegunean. Udalari eskerrak eman dizkio Fernando Elolak, "ematen digun babesagatik eta Beotibar eskaintzeagatik, espazio pribilegiatua baita pilotan aritzeko. Ostegunean jendea gerturatzea espero dugu, familiak umeekin, bertatik bertara ikus dezaten zer den kirol hau".

 

 



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!