Elola, Xisteraren barruan hasiko da

Ataria 2016ko abenduaren 1a

Jose Ignacio Elolaren Oroimenezko Zesta Punta Txapelketaren hirugarren edizioa larunbatean hasi eta ostegunean bukatuko da, Tolosako Beotibarren.

Hirugarren edizioak berrikuntza handi bat izango du. Lehen aldiz, martxan jarri berria den Xistera zirkuituaren barruan joango da Elolaren Oroimenezkoa. Ondorioz, Euskal Herri osoko beste hainbat txapelketen pare jartzen da Tolosakoa. Beotibar KE-rentzat egun bereziak izango dira, elkartearen sortzailearen omenez jokatuko baita txapelketa.

Senior eta nagusien mailan zortzina bikotek parte hartuko dute oroimenezkoan. Lehen jardunaldia larunbatean izango da, 18:00etan. Kiniela moduan jokatuko dira partidak, eta puntu gehien lortzen dituzten bi bikoteek osteguneko finalerako txartela lortuko dute. Abenduaren 8an, 11:00etan hasiko da zesta punta jardunaldia. Finalez gain, nesken arteko partida bat jarri dute antolatzaileek, haurrenaz gain.
Bi jardunaldietan sarrera dohainik izango da, eta Txuletaren Festarako txartelak zozketatuko dira ikusleen artean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!