Irristalariak Usabalgo kantxan lehiatuko dira

Tolosaldeko Ataria 2016ko abe. 1a, 20:12

Irristaka II. Indoor Saria igandean izango da, 10:00etatik aurrera, Tolosako Usabal kiroldegian. Iazko esperientzia kontuan hartuta antolatu dute Irristakako kideek: «Oso gustura geratu ginen, eta partaideen erantzuna ikusita, bigarren edizio honetan formatu bera mantentzea erabaki dugu».

87 irristalari inguruk eman dute izena iganderako. 15 urtetik azpikoak eta hortik gorakoak izango dira. Goizean sailkatze serieak hasiko dira, eta horrela, finalak osatu arte. «Lau parte hartzaileren arteko lehia ikusiko da sailkatze serie bakoitzean. Minutu eskaseko lasterketak izango dira. Bi lehenek aurrera egingo dute, serie berri batera. Horrela finalera iritsi arte», azaldu dute Irristakako kideek. Usabalgo kantxan jokatuko diren lasterketak, beraz, azkarrak eta ikusgarriak izango dira.


Denbora uzten baldin badie, erreleboen lasterketa ere antolatu nahi dute Irristakakoek, iaz egin bezala, «oso ikusgarria» izaten delako. Baina hori ordutegiak esango du. Izan ere, alde horretatik nahiko mugatuta daude Irristakako antolatzaileak. Eta ondorioz, parte hartzeko asmoa zuten batzuei ezezkoa esan beharrean izan dira. Hala eta guztiz ere, parte hartzera Gipuzkoatik, Bizkaitik, Arabatik, Nafarroatik eta Asturiastik ere etorriko dira.


II. Indoor Saria antolatzen Irristakakoak ibili diren arren, laguntza ere jaso dute, eta udalari nahiz kiroldegiari eskerrak eman nahi izan dizkiote, euren ekarpenagatik. Jasotako erantzuna zabala izan da, eta gustura eta pozik agertu dira Irristakakoak.


Antolatzaileen esanetan, Gipuzkoan ez da horrelako beste lasterketarik egiten, ez behintzat indoor moduan. «Eskola topaketen barruan egon izan da, baina senior eta master mailetan ez dugu ezagutzen. Araban bai, baina hemen inguruan ez dugu horrelakorik ezagutzen». Guzti horregatik, berezia izango da igandekoa, irristalari ikusgarriak gerturatuko baitira Usabalera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!