Euskararen Nazioarteko Eguna 2016

Grafitiei euskara darie

Tolosaldeko Ataria 2016ko abenduaren 1a

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Galtzaundi euskara taldeak semaforoetako kaxak apaindu ditu bigarren urtez, ikasleekin.

Sarri entzun ohi da irudi batek askoz ere pisu handiagoa izan dezakeela, zenbait hitzek baino eta, baieztapen horren defentsari helduta, Galtzaundi euskara taldeak biak uztartu ditu, bigarren urtez jarraian, Euskararen Nazioarteko Egunean: hitzak eta irudiak. 

Bigarren Hezkuntzako ikasleekin Tolosako semaforoetako kaxak apaintzen aritu dira goizean, eta margoen konbinaketaz gain, euskarazko leloak ere fin-fin aukeratu behar izan dituzte, graffitietan aditu direnen laguntzaz. Besteak beste, Santa Klara kaleko biribilgunean, Apatta Errekan, Sakramentinoen atarian eta Araba etorbidean aritu dira lanean, eta honako leloak oparitu dizkiete herritarrei: Euskaraz bizi nahi dugu, Guk euskaraz, zuk zergatik ez? nahiz Ez al dakizu euskara dela euskaldun egiten gaituena?.

Jarduera horri esker, kaleko arteak badu jada bere galeria euskaltzalea, Tolosako txokoetan barrena.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!