[Gutuna] Mila esker!

Ataria 2016ko aza. 25a, 14:37

Astebete eskas pasa da Euskal Jaien egun handiaz gozatzeko parada izan genuenetik, eta zer esanik ez hori guztia antolatzen hasi ginenetik. Egun hori, egun handi hori, ez litzateke osoa izango herritarron partaidetza aktiborik gabe. 

Tolosako Babarrunaren Kofradiak eskerrak eman nahi dizkio proiektu berri honetan parte hartu duten eragile orori. Kofradiak badaki hainbat eragilerekin elkarlanean landu beharreko jaia dela hau eta aurten, ofizialki, lehen aldiz ospatu da.

Horregatik guztiagatik, esker bereziak Udaberri dantza taldeari Tolosako kaleak dantzan jartzeagatik; irekierako emanaldi hunkigarriagatik, baita tolosarrak –eta ez bertakoak bakarrik– liluratuta uzteagatik.

Haurkizuna fundazioari gogorarazteagatik denok izan gaitezkela solidario keinu txiki eta, aldi berean, handi batekin. Eta gure produktua, hain maitea dugun perla beltza fundazioarekin fusionatzeagatik.

Tolosako Buruhandi eta Erraldoien konpartsari gure begiak zuen gonen mugimenduetan iltzatzearazteagatik; eta zergatik ez, baita etxeko txikiak izutzeagatik ere.

Tolosaldea Giltzarriari eguerdiko babarrun jatearen ostean, oraindik ere, gose geundela gogorarazi, eta merienda zuen esku uzteagatik.

Tolosako Babarrun Ekoizleei eta honen guztiaren atzean dauden baserritarrei, babarruna hainbeste mainatu eta nola maite behar dugun erakusteagatik.

Gure Kaiola elkarteari babarrunaren hedapenean lan egiteagatik. Eta hainbeste urtez, Babarrunaren Festan falta ezin duen sinbolo izateagatik.

Tolosaldeko hedabide guztiei zabaltze lanetan eginiko esfortzu eta jarraipenagatik.

Tolosako Udalari gu entzun, eta gure ideiei forma emateagatik.

Eta jakina, Tolosara gerturatu zineten guztioi festa honetan parte hartu, kaleak bete eta artzain-andre jantziez euskal festa atontzeagatik! Lehen urteak arrakasta izan du, baina datozenak oraindik ere arrakastatsuagoak izango dira, ziur. Irrikan gaude, zuen proposamenak entzuteko irrikan.

Benetan, esker mila!

Tolosako Babarrunaren Kofradia

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!