Eskuekin antzeztuak

Eneritz Maiz Etxarri 2016ko aza. 27a, 11:07

Ertza dantza taldearen Hariak emanaldi bereziarekin hasi zen jaialdia, ostiralean. Dantza garaikidea eta txotxongiloak uztartuz, helduei zuzendutako ikuskizuna izan zen, nahiz eta Titirijaik hartzen dituen egun guztietan haurrek ere izango duten ikuskizunez gozatzeko aukera abenduaren 4ra bitartean.

Mundu osoko hamazazpi herrialdeetatik etorriko dira konpainiak eta 51 ikuskizun eskainiko dituzte aurtengo jaialdian, eta horietako 36 izango dira Tolosan. Topic zentroaz gain, Leidorreko oholtza edota Zerkausia, Plaza Berria edota Euskal Herria plaza zapalduko dituzte. Euskal Herriko konpainien bi ikuskizun izango dira.

Hogeita hamalaugarren aldiz hartuko du Tolosak jaialdia, eta aurtengoan ere adin guztietarako ikuskizunak prest daude. Haurrei dagokienez, azpimarratzekoak dira Los Mundos de Dondo, El Clown y su familia eta Max txikia ikuskizunak. Argentina, Bulgaria eta Granadako konpainiek egindako ikuskizunak dira, hurrenez hurren. Nerabeentzako, berriz, Solos ikuskizuna besteren artean. Eta sarritan haurrekin bakarrik lotu izan badira ere txotxongiloak, helduei zuzendutako hainbat emanaldi prest ditu aurtengo Titirajaik: Stephen Motramen The Parachute, Julia Sigiinanoren Asfixia genero indarkeria hizpide duena- edota In-Pulsoren Fauno emanaldia antzerkia eta txotxongiloa elkartzen dituen emanaldia.

Jaialdiko ikuskizun guztietarako sarrerak www.topictolosa.com webgunean daude salgai, baina baita Topic zentroko leihatilan ere, 17:00etatik 19:00etara. (Astelehenean izan ezik). Helduen sarrera 7 euro ordaindu beharko da, eta haurrena, 4 euro.

Mundu ezezaguna da askorentzat txotxongiloena, baina eskualdeko herritarrek txiki-txikitatik izan ohi dute txotxongiloak bertatik bertara ezagutzeko aukera, eta ikastetxe ezberdinak pasako dira ikasleei bakarrik zuzendutako emanaldiak ikustera.

Ikuskizunez gain, omenaldiek ere bere txokoa izango dute eta 25 urteko ibilbidea baino luzeagoa duten konpainiei zein lagunei egingo diete. Aurtengoan, La Fanfarra, Lleidako Centre de Titelles eta FETEN omenduko dituzte. La Fanfarrak 40 urte daramatza lanbide hori «babesten»; Centre de Titelles konpainiak 30 urte bete ditu eta FETEN elkarteak 25.

Praktikan jartzeko, bi tailer

Txotxongiloen emanaldiez gain, bi tailer antolatu dituzte aurten: Stop motion tailerra eta barazkien tailerra. Coke Riobbo Goya irabazleak eskainiko du tailerra. «Benetako luxua da Riobbo Tolosan izatea, eta gure artean izatea», azpimarratu du Idoya Otegui Topic-eko zuzendariak. Ostiralean hasi zen, eta abenduaren 4an amaituko da; arratsaldero izango da ikastaroa.

Bestalde, barazkien tailerra izango da larunbatean, abenduaren 3an, Tolomendi elkartearen eskutik eta Minbiziaren Aurkako Elkartearekin elkarlanean. Zerkausian izango da eta ohitura osasungarriak izango dituzte hizpide.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!