Kaikua, 'vintage' zerrendarako beste bat

Naiara Roldan de Aranguiz 2016ko aza. 24a, 17:30

Tolosako GKo Concept Store-ek aukera ematen du Amarenak etiketadun kaiku txaketa eguneratua eskuratzeko.

Oihane Pardo dago Amarenak arropa markaren atzean. Berea da garai bateko «kaikua edo lekeitiarra», berokia, berriztu eta egunerokotasunera ekartzearen ideia. 

Amarenak markaren bitartez, norberak bere gustura, neurrira egokitutako kaikua eskuratzeko aukera dago. Horretarako bidea ematen du Tolosako Kale Nagusian kokaturiko GKo galeriak, bitartekaritza lana egiten baitu diseinatzailearekin. Galerian bertan hiru kaiku eredu daude ikusgai eta erosgai.

Pardok berak azaldu bezala amonaren kaikua jasotzerakoan du abiapuntua proiektu honek: «Orain dela urte batzuk nire amaren bidez, nire amonaren kaikua oinordetzan jaso nuen». Baina zer da kaikua? Pardok berak azalpena luzatzen du: «Euskal Herriko beroki tradizionala; diseinu xumea duena, bihotz formako ukondoak eta txapela gordetzeko sorbaldakoak dituena».

Antzina ba omen zegoen tradizioa amonek haien bilobentzat kaikuak sortzearena, artilezko oihala erabiliz. Pardori amonak egindako kaikua zaharkitzerakoan, «egunerokotasunean erabiltzen nuena», berria erostera joan eta, jatorrizko artilezko horrelakorik ez zegoela konturatu zen. Hortik gaur egun ehundutako proiektua.

PERTSONALIZATUAK

Diseinatzaileak ohiko diseinua oinarri hartu eta bi modelo garatu ditu momentuz soilik emakumezkoena salgai badago ere.

Eredu honetatik abiatuta, bezeroak berak oihala aukeratu dezake, kolore ezberdinak konbinatuz, botoiekin jokatuz... «Azken batean, pertsonalizatzeko aukera dago», azaldu du artistak. Hari horri tira eginez, GKo galerian bertan, hiru modelo ezberdin ikusi eta ukitu ahal ditu bezeroak, «euren artean oso ezberdinak» direnak.

Produktua boladan jartzen ari ote den galdetuta, Pardok umiltasunez aitortzen du hasiberria baino ez dela. Edozein ideia bezala, bere buruarentzat lanean hasi zen Oihane Pardo; ondoren, lagunartekoen mailara pasa zen eta orain jendartean zabaltzeko unea iritsi da. Eta baita, «ikusmira» sortzekoa ere. Honela, modaz harago bada «esperimentu txikia ere», «jendearen harrera ikusteko hazi bat da kaikuarena, etorkizunean berreskuratzeko elementu gehiago etor daitezke, jendearen erantzunaren arabera», dio Pardok.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!